Gizartea -
OSASUNA ETA ONGIZATEA
'Batch cooking'a: sukaldean denbora aurrezteko teknika
Egun bakar batean eta loteka kozinatzea helburu duen teknika berritzaileak arrakasta handia du azken boladan, batik bat haur txikiak dituzten gurasoen artean. Ezagutzen duzu "batch cookinga"? Hona hemen zenbait gako.
A. S. | EITB MEDIA
Batch cookinga aste osorako otorduak egun bakar batean egitea da, 2-3 orduan. Oro har, haur txikien gurasoek izan ohi dute interes handiena horretan trebatzeko; izan ere, jatekoak antolatu, planifikatu eta prestatzeko metodo horrek, batetik, denbora aurreztea dakar, eta, bestetik, azken boladan puri-purian dauden azken orduko janari azkarretatik ihes egiten lagun dezake, elikadura osasuntsuan aditua den Miriam Ortizen arabera.
Osasungarria eta denbora aurrezteko lagungarria da; aste osorako jana ordu gutxiren buruan prestatzen denez, hainbat plater egiteko behar den energia-kontsumoa ere aurrezten da. Horrez gain, gutxiago alferrik galtzen da, eta horrek ingurumenari laguntzen dio.
Ortizek boladatxo bat darama batch cookingaren inguruko ikastaroak ematen, eta, aitortu duenez, emakumeak dira ia kasu guztietan parte hartzen dutenak, 30 eta 35 urte bitartekoak, eta haur txikiak dituztenak.
Ingalaterran sortu zen batch cooking hitza, eta 'loteka kozinatu' esan nahi du. Aste osorako hainbat jaki planifikatu eta prestatzea du helburu, aurretiaz aukeratutako elikagaiak konbinatuz eta horiei forma berriak emanez. Hala, batch cookingak bi onura ditu: aste osoan jango duzuna planifikatzea eta egun bakar batean prestatzea.
Askoren arabera, garai bateko sukaldatzeko erara hurbiltzen da, etxeko janarira, alegia, ultraprozesatuak eta osasuntsuak ez diren hainbat elikagai atzean utzita, aste osorako menua prest izateak dieta orekatuagoa eta osasungarriagoa dakarrelako.
Baina, nondik hasi? Adituaren esanetan, pixkanaka hasi behar da teknika berri hau praktikan jartzen, baina argi esan du planifikazioa dela gakoa. Asteko egun bat aukeratu, ondo pentsatu eta diseinatu aste osorako menua, erosketa potolo bakar bat egin, eta behar izango den guztia erosi. Nolanahi ere, erosketa txikiak egin daitezke astean zehar, eta prestatuko diren elikagaiak azken momentuan erosi; haragia eta arraina, kasu.
Elikagaiak ondo aukeratzea ere garrantzitsua da; izan ere, askotariko menuak egitea da xedea, osagai berak berrerabiliz. Babarrunak kopuru handian egiten badira, adibidez, babarrun humusa edo babarrunez egindako falafelak presta daitezke, eta, horrela, plater ezberdinak egin daitezke.
Garrantzitsua da, halaber, sukaldean denbora ondo antolatzea eta, esaterako, denbora gehien behar duten osagaiekin hastea: eltzeak irakiten jarri, eta, bitartean, beste plater baterako osagaiak moztu ditzakezu, edo jada eginda dagoena ontziratu.
Elikagaiak noiz arte kontserbatu behar diren argi izan behar da, baita nola kontserbatu behar diren ere. Horretarako, funtsezkoa da elikagaiak edo janariak gordetzeko ontzi egokiak izatea, eta, ondoren, horiek ondo ixtea. Kristalezko ontziak izaten dira egokienak horretarako, ez baitute aurretik usainik edo zaporerik hartzen.
Azkenik, tuperra osatzeko unean, edo etxean platera prestatzeko garaian, elikagaiak modu orekatuan konbinatu behar dira, eta nahasketetan asmatu.