Gizartea -
Gertaera Donostian
Gaixoen Babesleak jaioberri baten bahiketa aztertzea eskatu du
Gaixoen Babeslea elkarteak Euskadiko Auzitegi Goreneko Fiskaltzari eginbidea hastea eskatu dio, jaioberri baten bahiketa ikertzeko.
Erredakzioa
Gaixoen Babeslea elkarteak Euskadiko Auzitegi Goreneko Fiskaltzari eginbidea hastea eskatu dio, jaioberri baten bahiketa ikertzeko. Buruko arazoak dituen emakume batek jaioberri bat bahitu du goizaldean Donostia Ospitalean, eta ordubete geroago atxilotu dute.
Emakumearen jarrera susmagarriak ospitaleko langileen arreta deitu du eta segurtasun-kameren laguntzarekin identifikatzea lortu dute. Jarraian Ertzaintza eta Udaltzaingoa ohartarazi dituzte.
Emakumeak taxi bat hartu du ospitaletik ihes egiterakoan. Taxilariak Herrera auzora eraman duela azaldu dio Ertzaintzari eta Donostiako udaletxe parean atzeman dute.
Berria jasotzean, Carmen Flores Gaixoen Babeslearen presidenteak Juan Calparsoro Euskadiko fiskal nagusiari gutun bat helarazi dio ikerketa bat abian jartzeko "bahiketa egiteko aukera eman duen pertsona edo pertsonak nortzuk izan diren ikertzeko".
"Gertaera larria da, batik bat horrelako gauzak ez gertatzeko segurtasun gorena izan behar duen zentro publiko batez ari garenean", irakur daiteke idatzian.
Rafael Bengoa Osasun sailburuak prentsaurrekoan errefusatu egin du ikerketa bat irekitzea ospitaleko segurtasun prokoloan akatsen bat izan den jakiteko, "barne eta kanpo segurtasun prozesua bete egin delako".