Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Sexuagatiko diskriminazio-egoerek gora egin dute azken bi urteetan emakume gazteen artean, % 34,6tik % 41era
Hala ondorioztatu du astearte honetan Manuel Lezertua Arartekoak aurkeztutako azterlanak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteen arteko jarrera matxistak izan ditu aztergai ikerketak, eta sare sozialetan ere generoagatiko diskriminazio-egoerek nabarmen egin dute gora.
A. S. | EITB MEDIA
Euskal Autonomia Erkidegoko nerabeek eta gazteek indarkeria matxistari buruz duten iritzia jaso du Manuel Lezertua Arartekoak azterlan batean, eta, besteak beste, ondorioztatu du espazio publikoa dela sexuagatiko diskriminazio egoera gehien gertatzen diren eremua. Esaterako, 2021ean, emakume gazteen % 41ek genero-diskriminazioa jasan zuen kalean. Gizonezkoen kasuan, berriz, %15,1ekoa da esperientzia hori jasan zutenen kopurua.
Gauzak horrela, sexuagatiko diskriminazioak egoerek gora egin zuten 2019tik 2021era bitartean emakume gazteen artean, % 34,6tik % 41era; gizon gazteen kasuan, berriz, pixka bat behera egin zuen, 2019ko % 15,5etik 2021eko % 15,1era.
Astearte goizean Arartekoak Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteari eman dio "Euskadiko nerabe eta gazteen arteko jarrera matxistak" azterlana, eta eguerdiko 12:00etan aurkeztu ditu lan horren ondorioetako batzuk, Eusko Legebiltzarreko prentsa aretoan. Azterlanaren helburua da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteen arteko jarrera matxistak hobeto ulertzeko eta politika publikoak hobetzeko gomendioak egitea.
Ikerketaren beste ondorioetako bat da sare sozialetan ere ohikoak direla generoagatiko diskriminazio-egoerak. Horien garrantzia nabarmen hazi da azken urteotan, bereziki emakume gazteen artean. 2019an, emakume gazteen % 20,7k adierazi zuen generoagatik diskriminatuta sentitu izana, eta 2021ean, berriz, % 28,8ra igo zen ehunekoa.
14 eta 29 urte bitarteko gazteei egindako galdera sortak eztabaida taldeak edo herritarren foroak izan ditu oinarri, eta lortutako emaitzek erakusten dute gazteek oraindik estereotipoekin borrokan jarraitzen dutela, nahiz eta gaur-gaurkoz hobeto jabetzen diren estereotipoak egon badaudela.
Bestalde, azterlanaren arabera, sexuaren araberako segregazioa dago ibilbide profesionaletan eta lanekoetan, eta kirol arloan antzematen direla indar handiagoarekin genero-estereotipoak. Era berean, desoreka ikusi da etxeko lanak eta zainketak banatzeko orduan, eta erakargarritasun fisikoari dagokionez, nabarmenagoa da neskek pairatzen duten gizarte-presioa. Maitasun erromantikoaren mito batzuek ere, neurri txikiagoan, baina gaur egun bizirik diraute.
Gazte gehienek aitortu dute emakumeen aurkako indarkeria matxista lehen mailako gizarte arazoa dela. Dena den, sexuen artean badago alderik bortizkeria mota horren neurriari buruzko iritzia ematean. Testuinguru horretan, gazteek, oro har, sentsibilizazio-ekimenak bultzatzeko apostua egin dute; metodologietan berritzea edo programak diseinatzerako orduan gazteak tartean sartzea, adibidez.