Gizartea -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Goialdeko depresioa Valentzian, Saretzen: Etxebizitza eta zerga berrien transferentzia
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko urriaren 31n, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Goialdeko depresioa Valentzian: Gutxienez 140 pertsona hil dira Valentziako Erkidegoa, Gaztela-Mantxa eta beste gune asko astindu dituen goialdeko depresioak eragindako uholdeen ondorioz. Biktima gehienak, 92, Valentzia probintzian izan dira, baina Albaceten, Cuencan eta Malagan ere hildakoak izan dira. Espainiako Gobernuak hiru dolu egun ezarri ditu, eta Pedro Sanchez gobernuburua Valentziara joango da erreskate lanak bertatik bertara jarraitzeko.
- Saretzen: Etxebizitza: Azken urteotan merkaturatutako babes ofizialeko etxebizitzen (BOE) zati handi bat alokagai dago eta BOEen salerosketa asko jaitsi da, Saretzen proiektuaren bosgarren atalaren arabera. 2023an erosi eta saldu ziren etxebizitzen % 5 besteri ez zen babes ofizialekoa. Etxebizitzen prezioak nabarmen egin du gora azken hamarkadan, baina 2007ko mailara iritsi gabe. 2008an burbuila lehertu aurretik baino % 13 merkeagoak dira EAEn eta % 9 Nafarroan: 2.957 €/m2 eta 1.927 €/m2, hurrenez hurren.
- Zerga berrien transferentzia: Euzko Alderdi Jeltzaleak akordioa lortu du Espainiako Gobernuarekin talde multinazionalei eta bankuei ezarritako zergak kontzertatzeko eta foru ogasunek kudeatu ditzaten. Beraz, bi zergok foru-zerga sistemetan sartuko dira eta Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoaren bidez gauzatuko dira.