Gizartea -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Hirigintzaren Mundu Eguna, automobilgintza sektorearen krisia eta Behobia-Donostia
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko azaroaren 8an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Hirigintzaren Mundu Eguna: Hirigintzaren Mundu Egunaren harira, gure herri eta hirien egitura aztertu dugu. Fenomeno meteorologikoei aurre egiteko prestatuta al daude? Euskal Herriko herri eta hiriak, oro har, ondo egokituta daude uholdeei aurre egiteko hirigintzaren ikuspegitik; izan ere, kontzientzia gero eta handiagoa dago, eta inbertsioak ere gero eta gehiago egin dira. Nolanahi ere, zenbait gunetan egon badago uholdeak izateko arriskua: Tolosan, Azpeitian edo Bilbon, esaterako. Ekain Jimenez arkitektoaren arabera, "uholdeei aurre egiteko neurri interesgarrienak obra hidraulikoak dira".
- Automobilgintza sektorearen krisia: Automobilgintzaren krisia areagotu egin da: Audik 4.500 langile kaleratuko ditu, eta Nissanek 9.000. Audiren kasuan, Volkswagen taldearen marka Alemaniako sindikatuekin negoziatzen ari da epe ertainean 4.500 langile kaleratzeko plana; kopuru hori langileen % 15 inguru da ibilgailuen zuzeneko ekoizpenarekin zerikusirik ez duten arloetan. Nissanek, bere aldetik, 9.000 langile kaleratuko dituela iragarri du, errentagarritasuna berreskuratzera bideratutako doikuntza baten barruan. Langile guztien % 6,7ri eragingo diete kaleratzeek, batez ere salmenta-arloetan, gastu orokorretan eta administrazioan.
- Behobia-Donostia: Behobia-Donostia lasterketaren 59. edizioa egingo da igande honetan (azaroak 10) eta gaur antolatzaileek kirol probaren inguruko xehetasunak emango dituzte. Aurten, AHTaren lanak tarteko, ibilbidea 200 metro luzeagoa izango da, 20 kilometrotik gorakoa, hain zuzen ere.