Gizartea -
Epaiketa Donostian
27 urteko zigor eskaera Lezon bere alabaordea bortxatzeagatik
Akusatuak goitik behera errefusatu ditu akusazio guztiak, eta ea zergatik gaztearen ohean bere semena zegoen galdetuta, behin, bere emazte ohiak eta berak harremanak bertan izan zituztela azaldu du.
Erredakzioa
Gipuzkoako Fiskaltzak 27 urteko kartzela-zigorra eskatu du gizon batentzat lau urtez jarraian bere alabaordea bortxatzea egotzi ostean. Familia Lezon bizi zen, eta bortxaketak umeak 12 eta 16 urte artean zituenean gertatu ziren.
Gipuzkoako Auzitegian egindako epaiketan, neskak alboko gelatik deklaratu du, bideokonferentzia bidez. Azaldu duenez, erasoak zortzi urte zituenean hasi ziren, hain zuzen bere ama eta akusatua ezkondu bezain laister. Dena den, lehenengo eraso horiek egongelan edo umearen logelan gertatzen ziren ukituetara eta musuetara mugatu zirela azaldu du neskak.
"Aurre egiteari uzten nion"
Neskaren arabera, “alde egiten saiatzen nintzen, baina banekien ez zela nekatuko bere helburua lortu arte, horregatik aurre egiteari uzten nion”. Lehenengo eraso horien ostean atea “kisketarekin" ixten hasi zen, baina bere ugazaitak zotz batekin irekitzen omen zuen atea.
Biktimak ziurtatu du primeran gogoratzen duela bortxatua izan zen lehen aldia, “bizitza guztirako markatuta” geratu zaion egun bat delako. “12 urte nituen, eta hurrengo egunean Bigarren Hezkuntzako lehen klasea neukan”, gaineratu du.
Momentu horretatik aurrera bortxaketak hamabost egunean behin gertatzen zirela ziurtatu du. Dena den, “aste berean hainbat aldiz” bortxatu zuela nabarmendu du gazteak.
"Familia zoriontsu bat"
Egoera hori 2009. urtera arte luzatu zen, gertatutakoa salatu zen arte. Zergatik ez zuen lehenago salatu galdetuta, “familia zoriontsu batean" bizi zela argudiatu du, eta ez zuela hori apurtu nahi.
Akusatuak goitik behera errefusatu ditu akusazio guztiak, eta ea zergatik gaztearen ohean bere semena zegoen galdetuta, behin, bere emazte ohiak eta berak harremanak bertan izan zituztela azaldu du.