Gizartea -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: A25, Sanchezen adierazpen instituzionala eta Arabako eta Bizkaiko anbulantziak
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko azaroaren 25ean, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- A25: Emakumeen aurkako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna izaki, aldarrikapenak eta mobilizazioak izango dira nonahi, jarrera matxistak salatu eta emakumeen eta nesken kontrako eraso oro gaitzesteko. Erakunde publikoek, mugimendu feministek eta eragile sozial eta sindikalek mobilizazio ugari deitu dituzte Euskal Herrian barrena. Eusko Jaurlaritzaren aurtengo kanpainak indarkeria matxistaren ukatzaileengan jarri du jomuga, "Indarkeria matxista ukatzea haren alde egitea da. Batu gaitezen geldiarazteko" lelopean. Ildo beretik, Nafarroako Gobernuak diskurtso antifeministen kontrako borrokan zentratu du aurtengo kanpaina.
- Sanchezen adierazpen instituzionala: Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak adierazpen instituzionala egingo du, 09:00etatik aurrera, Moncloa jauregian. Itxura guztien arabera, Sanchezek iragarriko du Sara Aagesen egungo Energia estatu idazkaria izango dela Trantsizio Ekologikorako ministro eta hirugarren presidenteordea, Teresa Riberaren ordez. Izan ere, Ribera izango da Europako Batzordeko presidenteordea ez ezik, Lehiakortasun eta Trantsizio Berderako komisarioa, eta abenduaren 1ean hartuko du kargua.
- Arabako eta Bizkaiko anbulantziak: La Pau konpainiak Araban eta Bizkaian osasun garraio-zerbitzua emateari utzi dio, atzemandako hutsegiteen ondorioz, eta astelehenetik aurrera Sanir eta Ambulancias Baztan Bidasoa enpresek osatutako aldi baterako enpresa-elkarteak eta Ambulancias Gipuzkoak ordezkatuko dute.