Gizartea -

Indarkeria matxista

Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko ikasleek bi irakasle salatu dituzte indarkeria matxistagatik

Hezkuntza Departamentuak espedienteak egin dizkie biei. Ikasleek elkarretatzea egin dute goizean, pairatutako "jazarpen eta matxismo egoera onartezinak" salatzeko eta erasotzaileen kontrako neurri "eraginkorrak" eskatzeko. Kontserbatorioko zuzendaritza ere protestan izan da, babesa adierazteko.

Protesta kartelak jarri dituzte kontserbatorioaren kanpoaldean. EITB Media
Protesta kartelak jarri dituzte kontserbatorioaren kanpoaldean.
Elkarretaratzea Nafarroako Kontserbatorioan, indarkeria matxista salatzeko, hiru irakasleren kontra

0:44

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Kontseilaritzak diziplinazko espedienteak zabaldu ditu Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko bi irakasleren kontra indarkeria matxista leporatuta. Zentroko emakumezko ikasleek salatuta hartu dituzte neurriok. Irakasleek 30 urte inguru dituzte.

Ingurumari horretan, irakasleetako bat jardunetik kendu dute, behin-behinean, ikasleak sare sozialen bidez jazartzea egotzita. Gainera, gizon horren kontrako salaketa aurkeztua dago Espainiako Poliziaren aurrean, sexu delitua egotzita. Auzia martxoan salatu zuen biktimak, baina urrira arte ez dira kautelazko neurriak hartu. Ikasleek salatu dutenez, tarte horretan irakasleak eskolak eman dizkio biktimari —horietako batzuk, banakakoak—, horrek dakarren egoerarekin. 

Horrez gain, gutxienez sei ikaslek kexa formala aurkeztu dute Kontserbatorioko zuzendaritzaren aurrean beste irakasle baten kontra. Horren kasuan, ikasgelan iruzkin sexistak egitea egotzi diote. Gerora, 100 bat ikaslek babestu dute maisuaren kontrako idatzia. Langilea bajan dago auzia lehertu zenetik. 

Hirugarren irakasle bat ere salatu dute ikasleek, baina zentroaren zuzendaritzak ez omen zuen horren berri, gaur arte. Antza, duela urte asko, zereginak kendu zizkioten irakasle horri, indarkeria matxista . Dena dela, gaur-gaurkoz eskolak ematen ditu, eta iruzkin matxistak egiten jarraitzen omen du, salatu dutenez. 

Elkarreratzea egoera salatzeko

Gaur, hiru irakasle "erasotzaileen" izen-abizenekin kartelak jarri dituzte zentroaren fatxadan, eta emakumearen ikur more handi bat paratu dute atarian, biktimei babesa adierazteko.

10:00etan elkarretaratzea egin dute dozenaka ikaslek kontserbatorioaren atarian. Salatu dutenez, "denbora asko" daramate "jazarpen eta matxismo egoera onartezinak" jasaten. Euren hitzetan, "hainbat irakaslek onartezinak diren jarrerak izan dituzte eta oraindik ere badituzte emakumezko ikasleekin: mespretxuzko iruzkin, iruzkin sexualak, gure gaitasunak zalantzan jartzea emakume izateagatik edota zentrotik kanpo egindako jazarpena". 

Ikasleen hainbat bozeramailek oharra irakurri dute. Nabarmendu dutenez, "urte luzeetan ahoz aho zebilen sekretua publiko" egin nahi izan dute "aldaketa eragiteko eta isiltasunean sufritu duten horiei ahotsa emateko". 

Kontserbatorioaren zuzendaritzari hartutako neurriak eskertu dizkiote, baina azpimarratu dute neurriok "eraginkorrak" izan behar direla, "erdibidean geratu barik". Hala, agintariei "protokolo eraginkorrak" galdegin dizkiete, prozedura "arin eta gardenak" izango dituztenak. "Fokua erasotzaileengan eta horiek babesten dituzten egituratan jarri behar da, biktima defendatzeko eta egoera errepikatzea saihesteko", erantsi dute. Haien arabera, "helburua da emakume gehiagorik halakorik ez pairatzea berriro (...) Ez da onargarria erasotzailea tarte batez kanporatzea eta gero berriro bueltatzea". 

Kontserbatorioaren zuzendaritza: "Ez ditugu kasuak ezkutatu"

Arantza Lorenzo de Reizabal zentroaren zuzendaria eta zuzendaritza taldeko kideak ere elkarretaratzean izan dira, ikasleei babesa adierazteko. 

Kazetariei egindako adierazpenetan zuzendariak azaldu duenez, martxoan jabetu ziren karguaz, eta ordutik "arduratsuak" izan dira eta kasuen aurrean neurriak hartu dituzte. "Ez ditugu alfonbrapean ezkutatu, ez direlako onargarriak", aldarrikatu du. Horrez gain, jakinarazi du halako kasuei aurre egiteko protokoloak berritu dituztela. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Indarkeria matxista Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Hezkuntza Matxismoa Feminismoa