Gizartea -
Euskara
Euskararen Nazioarteko Egunaren 75. urtemugan, euskara gizarte kohesiorako elementu gisa aldarrikatu dute
Hiru euskal administrazioetako eta euskalgintzako ordezkariak Baionan bildu dira gaur, Eusko Ikaskuntzak deituta, euskararen unibertsaltasunaren alde 1948an egindako aldarrikapenak berritzeko.
EITB MEDIA
Astearte honetan, azaroaren 26an, euskal erakunde eta instituzioetako ordezkariak bildu dira Baionako udaletxean Euskararen Nazioarteko Egunaren 75. urteurrenaren bueltan. Ospakizun hori Eusko Ikaskuntzak eratu zuen, 1948ko VII. Kongresuan, eta harez geroztik abenduaren 3a da euskararen defentsa eta sustapenerako data.
Ekitaldi instituzionalean politika eta kultura munduko hainbat pertsona izan dira: Jean-Rene Etchegaray, Euskal Hirigune Elkargoko presidentea eta Baionako alkatea; Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko bigarren presidenteordea; Aitor Aldasoro, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea; eta, Eusko Ikaskuntzaren izenean, Ana Urkiza lehendakaria eta Claude Mehats, Ipar Euskal Herriko lurralde arduraduna.
Ana Urkizak irakurri du 75. urteurreneko adierazpenak abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna izendatu zeneko testuingurua gogora ekartzen duela, Espainiako Estatuaren errepresio eta jazarpen linguistiko betean murgilduta gaude eta. Hala eta guztiz ere, egoera horretan, Eusko Ikaskuntzaren deialdiak oihartzun handia izan zuen euskal diasporen komunitateetan, 1949tik aurrera.
Adierazpenak azpimarratzen duenez, 75 urte eta gero, egoera askoz hobean, "1949ko izpiritu hura baliokoa da gaur egun ere" eta "euskara biziberritzeko nahi eta behar hark bizirik jarraitzen du".
Horregatik, euskararen erabateko normalizaziorako, abenduaren 3ko ospakizuna bultzatzeko deia egin dute, euskaraz bizitzeko nahiaren erakusgarri. Horretarako, euskal lurralde guztietan euskaraz hitz egiteko eta euskaraz bizitzeko baldintzak bermatu behar direla adierazi dute. Horretarako, berdintasunezko gizarte bat eraikitze bidean, euskara eremu guztietan presente egon ahal izateko aukera eraikitzen lagunduko duten "politika sendoak" aldarrikatu dituzte.
Euskara trinkotzeko erronkak
Erakundeetako ordezkariek Adierazpena sinatu ondoren, jardunaldiak "Nola trinkotu eta saretu euskal hiztunen komunitatea" izeneko mahai-inguruarekin jarraitu du, Xalbat Alzugarayk (Eusko Ikaskuntza) moderatuta. Bertan kultur eragile ezagunek parte hartu dute: Xan Aire (Plazara), Jasone Mendizabal (Euskaltzaleen Topagunea), Idurre Eskisabel (Euskalgintzaren Kontseilua), Peio Jorajuria (Seaska) eta Ihintz Oliden (AEK).
Eztabaida horri esker, eragile bakoitzak euskararen biziberritzean duen zeregina eta erronkak aztertu ahal izan dira, eta honako gai hauetan jarri dute arreta: euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa, hizkuntza-eskubideen bermea, euskararen instrumentalizazioa saihestearen garrantzia eta gizarte-kohesiorako motor gisa duen balioa. Prozesu horretan erakundeek eta herritarrek duten erantzukizunari buruz ere hausnartu dute.