Gizartea -
Indarkeria matxista
Indarkeria matxistaren Euskal Herriko biktimek euren lekukotzak kontatzeko Instagram kontua sortu dute
10 egun eskasean ia 100 lekukotza bildu ditu Denuncias Euskal Herria izeneko kontuak. Nabarmendu dutenez, bortxatuak edo erasotuak sentitu diren emakumeei ahotsa emango diete, konfidentzialtasuna errespetatuz, "beldurra eta lotsa lekuz aldatu" dadin.
E. G. | EITB Media
Besteak beste, Errejon auzia azalarazi zuen Cristina Fallaras Espainiako kazetariak Instagram sare sozialean abiatutako bideari jarraiki, Euskal Herrian indarkeria matxista pairatu duten emakumeei ahotsa emateko kontua sortu dute sare sozial horretan, Denuncias Euskal Herria izenpean.
Azaroaren 20koa da lehen testigantza, eta ordutik 10 egun igaro ez diren honetan, ia 100 lekukotza bildu dituzte. Kontuaren arduradunek diotenez, profila "beren bizitzako uneren batean bortxatuak, erasotuak... sentitu diren emakumeen testigantzak jasotzeko sortu da". Biktimoi "ahotsa emango" diete, baina konfidentzialtasuna errespetatuta. Izan ere, nabarmendu dutenez, "beldurra eta lotsa lekuz aldatuko dira".
Batutako dozenaka testigantzak udalerrika sailkatu dituzte, Bizkaiko (Bilbo, Lekeitio, Barakaldo, Sopela...) Gipuzkoako (Donostia, Arrasate, Deba, Tolosa...) eta Arabako kasuak daude gehienbat.
Bada gizon matxista jakin bat izen abizenez (soinu teknikaria omen den bat) salatzen duenik ere. Erasotzaileen artean, batzuk ezagunak dira (futbol jokalariak, ginekologoak, unibertsitate irakasleak edo tatuatzaileak), eta zenbaitetan emakume batek baino gehiagok gizon bera salatzen dute. Beste kasu batzuetan, aldiz, gertukoak (bikotekideak, senitartekoak, lagunak...) dira.
Dagoeneko 2.600 jarraitzaile ditu kontuak.