Gizartea -
Eibarren atzeman dute
Ertzaintzak Deban jazotako bortxaketa baten ustezko egilea atxilotu du
Antza denez, gizonezkoak Donejakue Bidea egiten ari zen emakume bat bortxatu zuen, abuztuan, Deban.
Erredakzioa
Ertzaintzak 30 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo Eibarren (Gipuzkoa), abuztuan Deban emakumezko bat bortxatzea eta lapurreta egitea egotzita.
Atzemendakoari biktimaren sakelako telefono bat eta argazki-kamera bat atzeman dizkiote.
Herrizaingo Sailak azaldu duenez, sexu erasoa abuztuaren 12an jazo zen, 15:00etan, emakumeak aurkeztutako salaketaren arabera.
Ordu horretan, Zarautz eta Deba artean Done Jakue bidea egiten ari ziren bi emakume galdu egin ziren Debako Egia auzoan, eta ziklomotorrean zihoan gizonezko batengana hurbildu ziren, galdetzera. Gizonak ibilgailuan igotzea eskaini zion emakumezkoetako bati, bidea erakusteko.
Emakumea ziklomotorrera igo zen, baina gizonak, bidea erakutsi beharrean, etxola batera eraman zuen. Bertan, betiere salaketaren arabera, bortxatu egin zuen, eta sakelako telefonoa, argazki-kamera eta 90 euro ostu zizkion. Ondoren, ihes egin zuen.
Biktimak lagunarengana itzultzea lortu zuen, eta pertsona batzuek lagunduta, Udaltzaingora eraman zuten. Ostean, Mendaroko Ospitalera eraman zuten, anbulantziaz.