Gizartea -
Granadan
Polizia etxean atxilotuta zegoen emakume bat hil da bihotzekoak emanda
Emakumea gizonezko bati labanaz eraso egiteagatik atxilotuta zegoen Granadako polizia etxean. Bizilagunek kontatu dutenaren arabera, emakumea zauritutakoaren izeba zen.
Erredakzioa
56 urteko emakume bat hil da Granadako polizia etxean bihotzekoak emanda. Larunbat eguerdian gertatu zen liskar batean gizonezko bati labanaz eraso egiteagatik zegoen atxilotuta.
Bizilagunek kontatu dutenaren arabera, emakumea zauritutakoaren izeba zen eta liskarra txakur batekin zuten arazoengatik hasi zen.
Poliziak ohar batean adierazi duenez, atzo 22:00ak aldera hil zen polizia etxean bertan.
Hildakoa 34 urteko gizonezko bati eraso egiteagatik atxilotu zuten. Azken hau ospitalean larri dago. Bi familien arteko istilu batean gertatu zen erasoa, hiriburuko iparraldeko auzo batean. Bertara joan ziren poliziek, gizonezkoa larri aurkitu zuten eta emakumea ere zaurituta zegoen, zehazki, eskuan zauriak zituen.
Biak ospitalera eraman zituzten eta gizonezkoak bertan jarraitzen du. Emakumezkoari, berriz, alta eman zioten 20:00ak aldera, eta polizia etxera eman zuten. Handik gutxira, emakumezkoa ondo ez zegoela ohartu ziren agenteak. Orduan larrialdietarako zerbitzuei eman zieten abisua. Medikuek ordubete eman zuen emakumezkoa artatzen baina azkenean, emakumea bihotzekoak emanda hil zen.