Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Gizon bat atxilotu dute Bilbon, haurdun dagoen bikotekidea jotzeagatik
Udaltzaingoa gertakizunen lekura bertaratzean, haurdun zegoen 32 urteko emakume bat aurkitu zuen; negarrez eta oso urduri zegoen.
Erredakzioa
Gizonezko bat atxilotu zuten larunbatean Bilbon, sei hilabeteko haurdunaldian dagoen bikotekidea jotzeagatik, Udaltzaingoak jakitera eman duenez.
Larunbat arratsaldeko 17:00ak aldera, Bilboko Udaltzaingoaren patruila bat Blas de Otero kaleko etxebizitza batera joan zen, eraso bat izan zela jakin ondoren. Bertaratzean, haurdun zegoen 32 urteko emakume bat aurkitu zuten udaltzainek; negarrez eta oso urduri zegoen.
Emakumeak udaltzainei azaldu zien bikotekideak jo eta bultzatu egin zuela, eta, lurrera bota ondoren, sabelean kolpatu zuela. Hori zela eta, Osakidetzako anbulantzia batek Basurtuko Ospitalera eraman zuen, eta udaltzainek ustezko erasotzailea atxilotu zuten: 31 urteko E.A.G. gizonezkoa. Gainera, biktimak udaltzainei esan zien hiru urte zeramatzala tratu txar psikologikoak jasaten.