Gizartea -

EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA

Tratu txarrak pairatzen dituzten emakumeentzako gida

Tratu txarrak pairatzen badituzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak. Zuri gertatzen ari zaizuna mundu osoko emakume askori ere gertatzen zaie. Zuk ez duzu errurik. Saiatu arren, ez da aldatuko.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emakunderen eskutik

ZER DIRA TRATU TXARRAK?

Senideren batek edo zurekin bizi den edo bizi izan den pertsonak mehatxatzen, iraintzen, etxean gertatzen diren gauza txar guztien errua egozten, makurrarazten, jendaurrean irrigarri uzten, zure itxura edota egoera fisikoagatik gutxiesten edo mespretxatzen, lagunekin edo senideekin harremanak izatea eragozten, zure gutunak eta telefono deiak kontrolatzen, zure dirua eskuratzea eragozten, zure gastuen kontuak ematera behartzen, zuretzat balio sentimental berezia duten gauzak txikitzen, bultzatzen, jotzen edota sexu-harremanak izatera behartzen bazaitu, tratu txarrak jasaten ari zara.

Zuri gertatzen ari zaizuna emakume askori gertatzen zaie gure herrian eta mundu osoan, eta berdin dio adina, egoera soziala eta ekonomikoa, kultura edo nazionalitatea. Gainera, ezintasunen bat baduzu, ahulago zara tratu txarren aurrean.

Tratu txarrak ematen dituena da tratu txarren errudun bakarra. Zuk ez duzu errurik, eta ez dago zeure esku haren portaera aldatzea. Askotan damututa dagoela edo maite zaituela esan arren, bera ez da inoiz aldatuko.

Zuk, baina, pauso batzuk eman ditzakezu egoera hori amaitzeko. Kontuan hartu gida honetako aholkuak. Ez da bide erraza, baina merezi du. Gainera, hainbat profesional laguntzeko prest dituzu. Eta gogoratu: tratu txarra ematen badizu, ez zaitu maite.

AHOLKU OROKORRAK

1. Berehalako eraso baten aurrean, ahal baduzu, deitu Poliziari babes zaitzan (Ertzaintza eta Foruzaingoa: 112; Udaltzaingoa: 092).

Ahoz komunikatzeko arazorik baduzu (SOS Deiak eta SOS Nafarroaren fax zenbakiak): Araba (945 136 873), Bizkaia (94 442 5206), Gipuzkoa (943 447 904) eta Nafarroa (948 22 22 24).

2. Erasoa jada gertatu bada, konta iezaiozu konfiantzako pertsona bati eta eska iezaiozu laguntza.

3. Lesio fisikorik edo psikikorik baduzu, joan zaitez osasun-etxe batera. Azal ezazu lesioen jatorria eta eskatu medikuen txostenaren kopia.

4. Osasun-laguntza behar duen lesiorik ez baduzu, joan zaitez zure udalerriko gizarte zerbitzuetara; argibideak emango dizkizute eta esango dizute nola eskuratu doako laguntza (psikologikoa, juridikoa, ekonomikoa, ostatua…). Lanorduz kanpo babes-etxe bat behar baduzu, deitu eguneko 24 orduetan zure esku dauden larrialdiko gizarte zerbitzuetara: Araba (945 134 444 eta 112), Gasteiz (900 701 700), Bilbo (94 470 1459/1460) eta Gipuzkoa (943 224 411 eta 112). Nafarroan bazaude, 112 zenbakira deitu.

5. Babesa behar baduzu, eskatu babesteko agindua Polizian, epaitegian, Fiskaltzan, Biktimei Laguntzeko Zerbitzuan, gizarte zerbitzuetan edo bestelako laguntza zerbitzuetan. Prozedura azkartzeko, hobe da babesteko agindua Polizian eskatzea. Eskabide-orria emango dizute eta, bete eta gero, epaitegira bidaliko dute. Epaileak deklaratzera deituko zaituzte (zu eta erasotzailea) eta, hala badagokio, neurriak hartuko ditu zu babesteko.

6. Oso garrantzitsua da behar bezalako aholkularitza izatea eskabide-orria betetzerakoan eta salaketa ipintzerakoan. Horretarako, eska ezazu harremanetan jar zaitzatela laguntza juridikoko 24 orduko doako zerbitzuarekin.

7. Ikusmen, entzumen edo mugikortasun arazoren bat edo beste ezintasunen bat baduzu, jakinarazi (telefonoz, faxez, mezu elektronikoz, mezu laburrez...) joan nahi duzun zerbitzuari, joan-etorrian lagun diezazuten, zurekin joan daitezen, zeinuen hizkuntzako interprete bat jar diezazuten eta abar.

8. Atzerritarra bazara, nahiz eta agiriak behar bezala ez izan, jarraitu gida honetako pausoei. Osasun-laguntza, laguntza juridikoa eta larrialdi-zerbitzuak doan erabiltzeko eskubidea duzu. Gainerako laguntzak jasotzeko, eskatu erroldatzea udaletxean.

9. Gainera, tratu txarrak eta sexu-erasoak jasaten dituzten emakumeentzat telefono bidez informazioa emateko zerbitzua dago. Zerbitzu hau doakoa da eta telefono bidezko laguntza eskaintzen du eguneko 24 orduetan: 016. Eusko Jaurlaritzak ere beste zenbaki bat jarri du abian: 900 840 111. Bi zenbakiak doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

ZER EGIN ERASO EGITEN BADIZUTE

1. Ezin bazara etxetik atera, deitu Poliziari (Ertzaintza eta Foruzaingoa: 112; Udaltzaingoa: 092). Bestela, joan gertuen duzun polizia-etxera, eta eskatu laguntza.

2. Adostu zure auzokideekin, lagunekin edota senideekin seinaleren bat, laguntza behar duzunean Poliziara dei dezaten.

3. Erasoa saihestezina bada, saiatu helburu txiki bihurtzen. Babestu aurpegia eta burua besoekin.

4. Ireki ateak eta leihoak, eta egin ahalik eta zarata handiena. Laguntza eskatu.

5. Irakatsi zure seme-alabei laguntza nola eskatu eta beren buruak nola babestu, eraso bat hasten denerako.

5. Idatzita gorde bizi izan dituzun erasoak: datak, zehetasunak, lekukoen izenak, polizien eta medikuen identifikazio zenbakiak eta datuak.

6. Gorde erasoaren froga guztiak: arropa hautsiak edo odoleztatuak, apurtuta dauden gauzak, armak… Ahal baduzu, hartu lesioen argazkiak.

7. Zu edo zure seme-alabak tratu txarren biktimak bazarete, etxea uzteko eskubidea duzue, eta ez da familia abandonutzat hartuko. Dena dela, komeni da etxea uzten duzunetik 30 egun pasatu aurretik epaitegian banantzeko eskaera aurkeztea edo behin-behineko neurriak eskatzea.

ZER EGIN ETXETIK IHES EGIN NAHI BADUZU

1. Epaitegian urruntzeko agindua eska dezakezu. Hala ere, etxetik joatea erabaki baduzu, informa zaitez aldez aurretik gizarte zerbitzuetan, eta eskatu konfiantzako norbaiti ihesaldian laguntzeko.

2. Egoera lasai dagoen une bat aukeratu ihes egiteko. Komeni da erasotzailea ez egotea etxean. Baldin badago, une horretan etxea uzteko arrazoi sinesgarriak erabili. Ez du ezer susmatu behar.

3. Ez eman erasotzailea ohartarazi dezakeen argibiderik edo aztarnarik.

4. Ez hartu lasaigarririk zure medikuak agindu ez badizu. Erne eta argi egon behar duzu, ondo pentsatzeko eta erabakitzeko gai izateko.

5. Etxetik joan baino lehen, hartu ahal duzun diru guztia eta honako gauza hauek: NAN txartela, familia-liburua, lan-baimena eta pasaportea (atzerritarra bazara), gizarte segurantzako liburuxka edo osasun txartela, ziurtagiri medikoak eta ohiko sendagaiak, errentamendu-kontratua edo jabetzako eskriturak, zure seme-alaben ikasketa-espedienteak, giltzak eta telefono zenbaki erabilgarrien agenda. Gainera, balizko prozesu judizial batean beharko dituzun gauzak ere eraman behar dituzu; soldata-orria, gastuen ordainagiriak (telefonoa, aseguruak, eskolatzea…) eta erasoaren ondorioz egindako gastuen egiaztagiriak, hala nola joan-etorriak, kontsulta medikoak, sendagaiak...

6. Hori dena hartzeko astirik izan ez baduzu eta etxera bakarrik itzultzeko beldur bazara, eska iezaiozu Poliziari zurekin joateko.

ZER EGIN BANANDU NAHI BADUZU

1. Epaileak erasotzailea sendiaren etxean bizitzea edo hara hurbiltzea debekatzen badu, aldatu etxeko sarraila berehala. Halaber, telefono-zenbakia aldatzea eta zure datuak konfidentzialak izatea eskatu telefono-konpainiari. Ahal baduzu, egin idatziz eskaera.

2. Eman zure egoeraren berri inguruko ahalik eta pertsona gehienei (senideak, lagunak, lankideak...), eta eman argibideak erasoren bat gertatzen denean Poliziari dei diezaioten.

3. Eskatu lantokian telefono-deiak iragazteko.

4. Zure enpresan lantokiz aldatzeko aukera baduzu, egizu, baina konfidentziala izan dadila.

5. Ez izan lotsarik ingurukoak zure babesean inplikatzeko.

6. Ez onartu inoiz zure erasotzailearekin bakarka hitz egitea. Saiatu erasotzaileak ezagutzen dituen ohitura batzuk aldatzen (erosketak egiteko ordua, parkera joateko ordua…), eta saiatu ahalik eta denbora gehienean bakarrik ez egoten.

7. Erasotzailearen jazarpena (mehatxuak, irainak...) jasotzen baduzu, deitu Poliziari. Jazarpena telefonoz bada, deia eten.

8. Epaileak zure telefonoa kontrolatzeko eskaera egiteko eskatu zure abokatuari.

9. Eskatu epaitegian erasotzailea urruntzea, Poliziaren babesa, elikatzeko pentsioa, erasotzaileak seme-alabekin dituen eskubideak mugatzea eta lekukoak babesteko legeak ezartzea. Hitz juridikoek zer esan nahi duten ez badakizu, ez izan beldurrik edo lotsarik eta galdetu.

10. Eskatu biktimei laguntzeko zerbitzuarekin harremanetan jartzeko.

11. Epaileak erasotzailea urruntzea erabaki badu, eduki une oro autoaren kopia, Poliziari erakusteko beharrezkoa balitz.

12. Eskolan, azaldu zure egoera zuzendaritzan, zure semearen edo alabaren bila zu edo zuk baimentzen duzun pertsona baino ez joateko. Ahal izanez gero, idatziz egin eskaera.

13. Seme edo alaba txikirik baduzu, erasotzailea etxera bertaratzen bada edo telefonoz deitzen badu, atea ez irekitzeko eta telefonoz daturik ez emateko agindu. Seme-alabek ondo jakin behar dituzte zauden ostatuaren edo lekuaren izen osoa, helbidea eta telefono-zenbakia. Jarri datu horiek txartel batean, eta gaineratu Poliziaren, abokatuaren eta lagungarri izan daitekeen beste pertsona baten telefono-zenbakiak, arazoren bat dutenean haiengana jo dezaten.

14. Ez utzi erasotzaileari etxean sartzen. Epaileak hala erabaki badu, seme-alabak ikusteko eskubidea izango du, baina ziurtatu etxetik kanpo hartzen eta bueltan ekartzen dituela, eta saiatu zure konfiantzako pertsona batek egin dezan, ez zeuk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea