Gizartea -
Indarkeria matxista
Sexu-erasoak jasan dituzten emakumeak % 17 areagotu dira EAEn, azarora arte
Bikotekideak, bikotekide ohiak edo familia-inguruneak eragindako sexu-erasoak pairatu dituzten emakumeen kasuak 5.200 baino gehiagokoak dira, hau da, iaz baino % 8 gehiago.
Agentziak | EITB MEDIA
Urteko lehen 11 hilabeteetan, 683 emakumek salatu zuten sexu-askatasunaren aurkako delitu baten biktima izan zirela Euskal Autonomia Erkidegoan, hau da, 2023ko aldi berean baino % 16,7 gehiagok, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak bildutako datuen arabera.
Lurraldeka, nabarmentzekoa da Gipuzkoan mota horretako delituen biktima izan diren emakumeen kopurua % 31 igo dela (2023an, 201; eta aurten, 263). Araban % 21eko igoera izan zen (86 kasu 2023an, eta 104 kasu, berriz, urtebete geroago); Bizkaian, berriz, % 6koa (298 kasu iazko urtarril-azaroan, eta 316 kasu aurten).
Halaber, % 13ko igoera nabarmena izan zuen familia barruko indarkeria jasan zuten emakumeen kopuruak (biktimaren familia-inguruneak eragindakoa, bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindakoa izan ezik); izan ere, urtarriletik azarora 975 emakumek salatu zuten erasoa, eta iaz, berriz, 865ek.
Hazkunderik handiena Gipuzkoan izan da (+%18), 313 erregistratu baitira, hau da, aurreko urtean baino 48 gehiago. Araban, ingurukoek 149 emakumeri eraso zieten (+%12), eta Bizkaian, berriz, kasuak % 10 hazi ziren (467 emakumeri 2023an, eta 513 emakumeri aurten).
Era berean, bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeriaren biktimak 3.554 izan ziren, hau da, aurreko urtean baino % 5 gehiago (3.383).
Guztira, 5.212 emakumek (860k Araban, 2.625ek Bizkaian eta 1.727k Gipuzkoan) pairatu zuten hiru indarkeria-mota horietakoren bat, 2023ko lehen 11 hilabeteetan baino % 8 gehiagok.