Gizartea -
FAOren txostena
Munduko biztanleriaren % 12k gosea pasatzen du; 870 milioi lagun
Asia ekialdean eta hego-ekialdean izan dira batik bat aurrerapauso handienak, baita Hego Amerikan ere.
Erredakzioa
Munduko biztanleriaren % 12,5ek gosea pasatzen du, hau da, 870 milioi lagunek, Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak (FAO) Erroman aurkeztu duen txostenaren arabera.
Ikerketa Jakien Munduko Programarekin eta Nekazaritza Garapenerako Nazioarteko Funtsarekin elkarlanean egin da. Gosea pasatzen duten lagunen gehiengoa, 850 milioi lagun inguru, garapen-bidean dauden herrialdeetan bizi dira.
2009an munduan gosea pasatzen zuten lagunen kopurua 1.000 milioi lagunetara iritsi zela ohartarazi zuen FAOk, baina urtebete geroago, 925 milioi lagunera jaitsi zen.
Milurteko Garapenaren Helburuak ezarritako mugarekin bat egin daitekeela dio txostenak, hau da, 2015erako gosea pasatzen duten lagunen kopurua erdira jaistea. Horretarako, azken urteetako joerari buelta emateko neurriak hartu behar direla zehazten du.
Eskualdeak kontutan hartuta, aurrerapauso handienak Asiako hego-ekialdean eta ekialdean eman dira, baita Hego Amerikan ere. Saharaz hegoaldeko Afrikan ere aurrerapausoak egon dira baina maila apalagoan. Asia mendebaldean, ordea, gosea pasatzen dutenen kopurua hazi egin da.
Azken hamarkadetako hazkunde ekonomikoak lagundu egin du txostenaren arabera, baina txiroek hazkundearen prozesuan eta horren onuretan parte hartu behar dutela zehazten du.
Halaber, nekazaritzaren eraginkortasuna azpimarratzen du txostenak, eta honek eta hazkunde ekonomikoak dieta dibertsifikatzeko aukerak ahalbidetu behar dituztela. Hazkunde ekonomikoarekin batera, epe luzera ingurune onuragarriak sustatzeko politikak eta programak egin behar direla esan dute datuen aurkezpen ekitaldian.