Gizartea -
IRUZURRA
Bizkaian laguntzak jaso, babes ofizialeko etxea izan eta Luxenburgon bizi den emakume bat atxilotu dute
48 urteko emakumea eta adin txikiko bere bi semeak Bizkaian eta Luxenburgon daude erroldatuta. Ikerketaren arabera, atxilotuak Luxenburgoko administrazioak emandako bost gizarte laguntza ez ezik, Lanbidetik 1.000 euro inguruko dirulaguntza jasotzen zuen.
AGENTZIAK | EITB Media
Espainiako Poliziak emakume bat atxilotu zuen abenduaren 30ean Bilbon, iruzurra eta agiriak faltsutzea leporatuta. Bizkaian eta Luxenburgon aldi berean erroldatuta zegoen eta bi tokitan gizarte laguntzak kobratzen zituen, baina izatez Luxenburgon bizi zen, Sestaon babes ofizialeko etxebizitza bat esleitu bazioten ere (2.800 euro urtean).
Barne Ministerioak zabaldutako oharraren arabera, pertsona anonimo batek Polizia Nazionalari ohartarazi zion ustez atzerrian bizi zen emakume batek Espainiako Estatuan gizarte laguntzak jasotzen zituela.
Ikertzaileek Luxenburgoko agintariekin eta Interpolekin elkarlanean egiaztatu ahal izan zutenez, 48 urteko emakumea (sortzez, portugaldarra) eta adin txikiko bere bi semeak Bizkaian eta Luxenburgon zeuden erroldatuta.
Europa erdialdeko herrialdean 2023ko azaroan erroldatu zen, hain zuzen ere, Lanbidetik 17.000 euro baino gehiagoko dirulaguntza jaso eta bi egunera.
2022tik jaso ditu Lanbideren dirulaguntzak, 1.000 euro inguru hilean. Halaber, atxilotuari babes ofizialeko etxebizitza bat esleitu zioten Sestaon 2022ko martxoan.
Luxenburgon, berriz, bost gizarte laguntza jasotzen zituen (inklusioagatik, langabeziagatik, etxebizitzaren alokairuagatik, bizitzaren kostuagatik eta haurrengatik), gutxienez, 2022-2023 ikasturtetik, orduan matrikulatu baitzituen semeak bertan.
Bilbora egindako bisita batean atxilotu zuten, abenduaren 30ean, iruzurra eta agiriak faltsutzea leporatuta. Bilboko Guardiako epailearen aurretik igaro ostean, aske gelditu da. 2016an ere Lanbideri iruzurra egiteagatik atzeman zuten.