Gizartea -
SUTEA
Irungo eraikin bat hustu dute, garajean auto batek su hartu du eta
Pertsona bat zauritu da kea arnasteagatik eta bi ibilgailuri eragin die suteak.
Agentziak | EITB MEDIA
Irungo etxebizitza eraikin bateko auzokideak etxetik atera dituzte gauean, etxe azpian dagoen garajean zegoen auto batek su hartu ostean. Keak eraikineko bi atariak hartu ditu. Pertsona bat zauritu da kea arnasteagatik eta bi ibilgailuri eragin die suteak.
Segurtasun sailak jakinarazi duenez, sutea 04:50 inguruan hasi da Piketazaharra kaleko garaje batean. Sutea auto batean hasi da, eta kea kale horretako 16 eta 18 atarietara arte igo da. Hori dela medio, eraikina hustu behar izan dute.
Pertsona bat larri dago kea arnasteagatik eta bi ibilgailuri eragin die suteak. Behin atariak haizeztatuta eta egin beharreko azterketak eginda, auzokideak etxera bueltatu dira, 07:00ak inguruan.