Gizartea -
Zabor-bereizketa
Ezagutu birziklatze-etiketak eta zer esan nahi duen sinbolo bakoitzak
Urtarrilaren 1etik ontzi guztiek nahitaez eraman behar dute zein edukiontzitan bota behar diren adierazteko ikurra. Aldaketa horren helburua da etxean hobeto birziklatzea, eta horrek kontsumitzaileak adiago ibiltzea eskatuko du.
Naiara Ballesteros | EITB MEDIA
Birziklapenerako etiketatzeari buruzko Europako araudi berriak, urtarrilaren 1etik indarrean dagoenak, eragin zuzena izango du Euskadiko kontsumitzaileen eguneroko bizitzan.
Neurri horrek, Jose Arrankudiaga Ecoembesen Euskadiko arduradunaren arabera, helburu bikoitza du. Batetik, ontziak hobeto birzikla daitezen laguntzea, informazio argia eta eskuragarria emanez, eta, bestetik, herritarrei materialak sailkatzeari eta birziklatzeari buruzko zalantza guztiak argitzen laguntzea, ontziak behar bezala botatzeko argibide zehatzak emanez.
Ontziek zer materialez eginak dauden adierazten duten ikurrak (plastikoa, papera, beira, organikoa, etab.) izan behar dituzte, dagokion edukiontzia zein den zehaztuta. Piktograma horiek informazio argia ematen dute ontziak behar bezala birziklatzeko moduari buruz, eta edukiontzi egokia zein den adierazten dute.
Adibidez, plastikozko jogurtak "edukiontzi horia" adierazten duen ikurra ekarriko du, eta beirazko botila batek, berriz, "edukiontzi berdea".
Ontzia konpostagarria bada, jarraibide argiekin batera "soilik konpostaje industrialerako" edo "ingurunean ez uzteko" adierazi beharko da. Hori funtsezkoa da akatsak saihesteko, hondakin horiek ez baitira edukiontzi horira bota behar.
Kasu batzuetan, ontzi berrerabilgarriek (botilek, adibidez) etiketa espezifikoak izango dituzte, bai eta fidantza moduko bat ere; ontzi horiek baimendutako birziklatze-puntu batera eramandakoan itzuliko da deposituan emandako diru kopurua.
Zergatik dira garrantzitsuak etiketa horiek?
Estandarizazioa: Sinbolo eta kolore berberak erabiliko dira EB osoan, erabiltzaileek argi uler dezaten.
Arreta handiagoa birziklatzean: Kontsumitzaileek etiketei erreparatu beharko diete hondakin bat edukiontzira bota aurretik, akats batek birziklatze prozesua zaildu edo beste material batzuk kutsatu ditzakeelako.
Aldaketak etxeko errutinetan: Ontzi berrien ikurrak identifikatzen ikasi beharko da, eta, agian, etxean hondakinak bereizteko espazioa berrantolatu beharko da.
Depositu eta fidantza sistemak inplementatzen diren kasuetan, kontsumitzaileek ontzi jakin batzuk puntu zehatzetara itzuli beharko dituzte, eta hori aldaketa nabarmena da egungo ereduarekin alderatuta.
Aldaketara egokitzeko erraztasunak
Eusko Jaurlaritza eta udalak informazio kanpainak prestatzen ari dira herritarrei etiketa berriak ulertzen eta birziklatzeko ohiturak hobetzen laguntzeko. Horrez gain, mugikorretarako aplikazioek eta udalen webguneek gida eguneratuak izatea aurreikusten da, hondakin mota bakoitza non utzi eta antzeko zalantzak argitzeko.
Bestalde, Euskadik dagoeneko herritarren parte-hartze handia du hondakinen kudeaketan, eta horrek egokitzapena errazten du. Hala ere, Ihobe ingurumen sozietate publikoak ohartarazi du lehen hilabeteak funtsezkoak izango direla ohiko akatsak saihesteko, hala nola birziklatu ezin diren materialak birziklagarriekin nahastea eta konposta egiteko ontziak ohiko plastikozkoekin nahastea.
Ondorioak, betetzen ez bada
Araudia berriarekin, hondakinak behar bezala bereizteko zorrotzago jardun beharko da, eta zigorrak egon litezke ez-betetze larriren bat gertatuz gero; esaterako, hondakin kutsagarriak okerreko edukiontzira botaz gero.
Ahalegin txiki batek onura handia dakar
Eguneroko ohiturak aldatzea ekarri badakarren arren, erakundeek nabarmendu dute neurri horiei esker birziklatze tasak nabarmen handituko direla eta hondakinen kutsadura murriztuko dela. Arreta eta konpromiso pixka batekin, Euskadiko kontsumitzaileek funtsezko zeregina izango dute eredu jasangarriago baterako trantsizioan.