Gizartea -
HEZKUNTZA
Atarrabiako Atargi ikastetxeko familia askok protestarekin bat egin eta ez dituzte seme-alabak eskolara bidali
Ikasleei ustez tratu ezegokia ematen zien irakasle baten kontra abiatu dituzte protestak. Bajan egon ondoren, gaur zen lanera itzultzekoa irakaslea, baina Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamenduak jakinarazi du bajan jarraitzen duela.
EITB MEDIA
Atarrabiako Atargi ikastetxeko familia askok bertako Gurasoen Elkarteak deitutako protestarekin bat egin eta ez dituzte seme-alabak eskolara bidali, Gabonetako oporren ondorengo lehen egun honetan. Ikasleei ustez tratu ezegokia ematen dien irakasle baten jarrera salatzeko, protestak abiatu dituzte.
Iazko ekainetik bajan dago irakasle hori eta gaur zen lanera itzultzekoa. Azkenean, baina, ez da bertaratu eta Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamenduak baieztatu du bajan jarraitzen duela.
Atzo abiatu zituen mobilizazioak Gurasoen Elkarteak, aipatutako irakaslearen itzuleraren aurka. Ikasleekiko jarrera "onartezina eta iraingarria" izatea leporatzen diote. Besteak beste, eskolaren atarian bi pankarta jarri dituzte "Hezkuntza entzun, haurrak arriskuan" goiburupean.
Bere aldetik, Amparo Lopez Nafarroako Gobernuaren eledunak, goizean hedabideen aurrean azaldu du Hezkuntza Departamenduak kasuaren berri izan zuenetik (2022-2023 ikasturtea) "protokoloak zorrotz" bete dituela. "Espedientea egin" eta "kasua ikertu" ondoren, "artxibatzea" erabaki zela jakinarazi du, irakasleak jarrera ezegokia zuela baieztatzen zuen frogarik ez zegoelako.
"Nafarroako Gobernuak legean jasotakoa jarraitu behar du, alde guztien interesak eta azalpenak errespetatuz", esan du Lopezek.