Gizartea -
ZIENTZIA
Materia iluna detektatzen lagun dezakeen aurkikuntza egin du DIPCren parte hartzea duen ikerketa batek
Nazioarteko lantalde batek materia iluna detektatzen lagundu dezakeen "aurkikuntza gako bat" egin du.
EITB Media
Unibertsoko materia iluna detektatuta izatetik gertuagoa egon daiteke, izan ere, Donostia International Physics Centerren (DIPC) parte hartzea duen nazioarteko ikerketa batek "aurkikuntza gako bat" egin du bide horretan.
DIPCk zabaldutako oharraren arabera, Science aldizkarian argitaratu den "ikerketa aitzindari horrek mugarri bat jarri du material topologikoen ikerketan, eta aukera berriak ireki ditu fotonikan eta komunikazio-sistema sendoetan aurrerapausoak emateko".
Ikerketa zentroak azaldu duenez, "fenomeno kosmikoak azaltzeko funtsezko elementua den arren, materia iluna ezin da detektatu bide arruntak erabiliz, ez baitu elkarreraginik argiarekin eta materia arruntarekin".
Materia iluna axioi izeneko partikula hipotetiko batzuez eratuta dagoela dio teoria garrantzitsu batek: "Partikula horiek unibertsoa eratu zenean sortu bide ziren, baina haiek detektatzea zaila da, apenas baitute elkarrekintzarik beren ingurunearekin".
Hala ere, zientzialariek uste dute litekeena dela axioiak fotoi bihurtzea eremu magnetiko sendoetan, "eta hori oso garrantzitsua litzateke haiek detektatzeko" ikerketan parte hartu dutenen arabera.
Testuinguru horretan, nazioarteko ikertzaile talde horrek "lorpen garrantzitsua" erdietsi du, besteak beste, "frogatu baitu fotoiek (argi-partikulek) axioien portaera imitatu dezaketela hiru dimentsioko kristal-egitura bereziki diseinatuak zeharkatzean".
Donostiako ikerketa zentroaren arabera, aurkikuntza lagungarria izan daiteke datu-transmisioa eta konputazio kuantikoa sendoagoak izan daitezen lortzeko.
Halaber, "plataforma esperimental berriak eskain ditzake axioien elektrodinamika eta fisikaren funtsezko beste printzipio batzuk esploratzeko, hala nola txirikorden eraketa kristal fotonikoetan".