Gizartea -
Eguraldia
Asteburua euritan eta epel hasiko da, eta hoztera joko du
Larunbat goizean euria egingo du, Kantauri isurialdean batez ere, eta orduek aurrera egin ahala ostarteak zabalduko dira. Igande goizean tantaren bat bota dezake baina eguraldi argia izango da oro har, bezperan baino freskoagoa, ordea.
EITB Media
Udazken giroko ostiral epelaren ostean, hego-haize bolada amaitu egingo da eta iparretik jotzen hasiko da, eguraldi aldaketa ekarriko duena.
Larunbatean, egunaren lehen zatian, zerua estalita egongo da eta euria egingo du, sarriago eta ugariago Kantauri isurialdean.
Egunaren erdialdeko orduetan atertzera egingo du, batez ere barnealdean, eta ostarteak zabalduko dira. Atsedenaldiak, ordea, gutxi iraungo du, arratsaldetik aurrera hodeiak ugaritu egingo baitira eta iparraldean euritara joko du berriro.
Ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da ia egun osoan, tarteka bolada oso gogorrekin; Ebro ibarrean ziertzoa zakar ibiliko da.
Tenperatura minimoak 10 ºC-ren bueltakoak izango dira kostaldean eta 5-8 ºC artean geldituko dira barnealdean. Maximoak 12-15 ºC bitartean kokatuko dira lurralde osoan.
Egunaren amaieran hoztu egingo du eta elur-kota 1500 m-tik behera koka daiteke.
Igandean, egonkor eta hotz
Igandean egonkortzera egingo du eguraldiak, baina hoztu ere egingo du. Hodeiek zerua estaliko dute goizean, eta ez da baztertzen goizaldean eta ipar partean euri pixka bat ere egitea. Elur-kota 1200-1400 m inguruan egongo da.
Hala ere, eguerditik aurrera hodeiak gutxitu egingo dira, arratsalde eta gau partean nahiko garbi egongo da zerua.
Tenperaturan izango da aldaketa nabamenena, izan ere, ipar-ekialdeko haize fina ibiliko da eta hoztu egingo du. Termometroak ez dira 10 ºC tik inon pasako-
Kostaldean 3-5 ºC artean izango dira minimoak baina barnealdean, egunaren amaieran asko hoztuko du, 0-2 ºC ingururaino. Araba eta Nafarroako zoko batzuetan baliteke izotza egiten hastea.