Gizartea -
Dibertsitatean atzeraka
Meta eta Amazon langileak kontratatzeko aniztasun-, ekitate- eta inklusio-programak deusezten hasi dira
"Talde batzuk besteen gainetik lehenestea iradokitzen duten praktikak" direla iritzita hartu dute DEI (ingelesezko siglak) deiturikoak ezabatzeko erabakia, eta, funtsean, emakume eta gutxiengo etnikoentzako ordezkaritza-kuotak ezartzeari uztea ekarriko du, besteak beste.
EITB Media
Meta teknologia enpresa erraldoiak (WhatsApp, Instagram eta Facebook sare sozialen jabea) bat egin du dibertsitate programak desegiten ari diren enpresen zerrenda gero eta handiagoarekin, Ameriketako Estatu Batuetan esparru horretan gertatzen ari diren "aldaketa" legal eta politikoak argudiatuz.
Aniztasun-, ekitate- eta inklusio-programen (DEI, ingelesezko siglak) amaiera, enpresak egiaztapen-programa bertan behera utzi eta gutxira gertatu da, sektorea Donald Trump AEBko presidente hautatuaren ideietara hurbiltzeko prozesuetan murgilduta.
Janelle Gale Metako pertsonal-arduradunak barne-mezu batean azaldutakoaren arabera, aldaketak daude "epaitegiek programa hauek bideratzen dituzten moduan", eta argudiatu zuen kontzeptu horrek baduela "zama" ere, "talde batzuk besteen gainetik lehenestea iradokitzen duten praktikak" direlako.
"Aniztasun, ekitate eta inklusio ahaleginen inguruko panorama legala eta politikoa aldatzen ari da AEB", nabarmendu du Galek. Enpresak "mundu guztia zerbitzatu" nahi duela erantsi du, eta azpimarratu duenez, "ez lirateke aukerak eman edo kendu behar irizpide protekzionistak erabiliz".
Aldaketa horiek Mark Zuckerberg Metako exekutibo nagusia Trumpengana egiten ari den hurbilketaren barruan kokatzen dira. Izan ere, duela urte batzuk Trump gaitzesten zuela zirudien, baina, Trumpek hauteskundeak irabazi ostean harekin bildu ondotik, bien arteko harremana norabidez aldatzen ari dela dirudi. Hasteko, urtarrilaren 20ko inbestidurarako, milioi bat dolar emango dizkio Meta enpresaren buruak AEBko presidenteari.
Hauteskundeek "inflexio kulturala" ekarri dutela argudiatu du Zuckerbergek azken boladan, "adierazpen askatasuna" lehenestera bideratzen ari dena.
Aldaketak Amazonen
Amazon ere bere aniztasun eta ekitate ekimenak murrizten ari da, Candi Castleberry Amazoneko esperientzia inklusiboen eta teknologiaren presidenteordeak abenduko barne memorandum batean jakinarazi zuenez. Konpainiaren arabera, ordezkaritza-kuotekin eta inklusioarekin lotutako "programa eta material zaharkituak" ezabatuko ditu, eta "emaitza frogatuak" erakusten dituzten programetan eta "kultura benetan inklusiboa" sustatzean oinarrituko da.
2020an, zuzendaritza postuetan dauden langile beltzen eta emakumeen kopurua bikoizteko helburua ezarri zuen Amazonek. Helburu bera iragarri zuen 2021ean, eta gerentzia, ingeniaritza eta beste lanpostu korporatibo batzuetan langile beltzen kopurua % 30 handitzeko konpromisoa hartu zuen.