Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
9 urte eta 11 hilabeteko kartzela zigorra Nafarroako tatuajegile bati, bezeroei sexu-abusuak egiteagatik
2020 eta 2021 artean lau emakumeri (bi adingabe tartean) sexu-abusuak egiteagatik zigortu dute gizona. Gizona, gainera, biktimetako biren senidea da.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Iruñeko Zigor Arloko 2 zenbakiko Epaitegiak 9 urte eta 11 hilabeteko kartzela-zigorra ezarri dio Nafarroako tatuajegile bati, adinez nagusi ziren bi neskari eta bi adingaberi sexu-abusuak egiteagatik.
Epaiaren arabera, 2020 eta 2021 artean, Nafarroa erdialdeko herri bateko eraikin baten etxabean tatuajeak eta masajeak egiteko estudio-gela bat alokatuta zuela, akusatuak partzialki edo erabat biluzarazi zituen tatuajeak egitera joan ziren neskak, eta ukituak egin zizkien gorputz osoan zehar, masaje 'tantriko' edo 'kaliforniar' bat zela esanda zein tatuajeen minari aurre egiteko erlaxatzen laguntzeko aitzakian.
Epaileak bere epaian adierazi denez, biktimek "kronologikoki egituratuta eta zentzuz" deklaratu dute gertakariei buruz, eta kontakizun erabat sinesgarria egin dute. Biktimen adierazpenak "irmoak dira, xehetasunez eta min handiz kontatu dituzte akusatuak egindako sexu-abusuak", epailearen aburuz.
Biktimek tratamendu psikologikoa jaso behar izan dute, eta auzipetua bi biktimaren senidea da.
Kartzela-zigorraz gain, 3.000 eta 12.000 euro arteko kalte-ordainak ordaindu beharko dizkie.
Hala ere, akusatuak epaiaren aurkako apelazio-errekurtsoa jar dezake oraindik.