Gizartea -
HERIOTZA
Luis de Lezama euskal apaiz eta enpresaria hil da
Bere izena daraman ostalaritza talde garrantzitsuaren sortzailea "Euskal Herritar Unibertsal" izendatu zuen Eusko Jaurlaritzak 2017an.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Luis de Lezama Barañano apaiz, ostalaritzako enpresari eta idazle arabarra, Lezama apaiza goitizenarekin ezagutzen zena, hil da gaur, 88 urterekin, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak baieztatu duenez.
"Luis de Lezama, Aita Lezama, duela minutu batzuk hil da, bere zeregin eta jarduera ugarien bidez beti besteei eskainitako bizitza bizi baten ondoren. Biziki sentitzen dut pertsona on, ekintzaile eta hurbil baten heriotza", idatzi du ahaldun nagusiak bere sare sozialetan.
Bere izena daraman ostalaritza talde garrantzitsuaren sortzailea "Euskal Herritar Unibertsal" izendatu zuen Eusko Jaurlaritzak 2017an.
Kazetaria eta Israelgo Sei Eguneko gerran korrespontsala ere izan zen. Bere bizitzako azkenaldian hezkuntzan aritu zen, eta Madrilgo ikastetxe garrantzitsuenetako bat sortu zuen: Santa Maria la Blanca. Bertan egingo da hileta datorren astelehenean.
Bere bizitza jasotzen duen Un cura y una taberna dokumentala EITBren Primeran aplikazioan eta EITB Nahieran atarian ere ikus daiteke:
"nahieran" // resources/views/components/body/neutro.blade.php
Eguberrietan, Arabako domina eman zion Foru Aldundiak bere ibilbideagatik eta pertsona behartsuei garatzen laguntzeko egindako lanagatik.
Biografia
Luis de Lezama Amurrion (Araba) jaio zen 1936an. Batxiler ikasketak egin zituen Indautxuko Jesuiten Ikastetxean (Bilbo), eta, ondoren, Madrilera joan zen, Comillasko Unibertsitateko ICAI Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan ikasketak hasteko.
1955ean, ordea, Madrilgo Elizbarrutiko Seminarioan sartu, eta 1962an apaiz egin zen.
Chinchónen (Madril) izan zuen lehen parrokia, eta bertan berehala hasi zen herritar xumeenekin lanean. Langileen baldintzak hobetzera bideratutako hainbat ekimen eta gizarteratze-arazoak dituzten gazteentzako prestakuntza-ekintzak bultzatu zituen.
Handik Madrilgo Armias auzora lekualdatu zuten, eta bertan Alabardero taberna sortu zuen 1974an. Taberna hori Lezama Taldearen ernamuina izan zen. Gizarte-ekonomiako enpresa-eredu aitzindaria da, eta nazioartean erreferente bihurtu da. Egun, besteak beste, Marbellan eta Washingtonen ere ditu lokalak.
Jatetxe horiek aukerak ematen dizkiete profesionalki eta gizatasunez garatzeko zailtasunak dituzten gazteei, kalitatezko prestakuntza, hezkuntza berritzailea eta ostalaritza-kudeaketa eskainiz.
Era berean, Iruaritz Lezama Fundazioa, Sevillako Ostalaritza Goi Eskola eta Santa Maria la Blanca ikastetxea jarri zituen martxan 2009an, Madrilgo Montecarmelo auzoan.