Gizartea -
Bizkaia
Barakaldoko gaztea seigarren solairutik istripuz erori ote zen ikertzen jarraitzen du Ertzaintzak
Done Bikendi auzoan, larunbateko 03:00etan, 20 bat urteko gizon bat hil da, seigarren pisuko etxebizitza batetik amilduta. Istripua izan dela uste du Ertzainzak, indarkeriazko gertakaria izan zitekeela baztertu gabe.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Larunbatean Barakaldon seigarren pisuko etxebizitza batetik amilduta hil den 20 bat urteko gizona istripuz edo indarkeriaz hil ote zen argitzeko ikertzen jarraitzen du Ertzaintzak.
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, larunbat goizaldeko hiruretan izan da ezbeharra, Done Bikendi auzoan. Gizona seigarren pisutik behera erori da, eta bertan hil da.
Ertzaintza, Udaltzaingoa eta osasun zerbitzuko langileak bertaratu dira, baina haren heriotza baieztatu besterik ezin izan dute egin. Segizio judiziala aktibatu ondoren, Ertzaintzak gertakarien lekua ikuskatu du. Biktimaren gorpua Bilboko Auzitegiko Patologia Zerbitzura eraman dute.
Bizilagunen hitzetan, pisu horretan arazoak eta istiluak egon izan dira azken boladan. Horregatik, istripua edo homizidioa izan den argitzeko ikerketa abiatu du Ertzaintzak.