Gizartea -
Sutea
Zazpi lagun artatu dituzte bart Gasteizen izandako sute batean kea arnasteagatik
20:00ak inguruan piztu zen sua Errementari kaleko etxebizitza batean, eta Txagorritxura eraman behar izan zituzten etxebizitzan bizi diren bi haurrak eta emakumeetako bi, horietako bat haurdun. Bi udaltzain ere artatu dituzte, baina onik daude denak, eta eraikinaren egiturak ez du kalterik izan.
Agentziak | EITB Media
Zazpi lagun artatu behar izan dituzte, eta horietako lau erietxera eraman, bart Gasteizko Alde Zaharrean izandako sute batean kea arnasteagatik.
Sutea 20:00ak pasa zirela hasi zen Errementari kaleko 37. zenbakiko hirugarren solairuan.
Han bizi diren bost lagun kaltetu ziren kea arnastuta, hiru emakume (horietako bat haurdun) eta bi haur, 8 hilabete eta bi urtekoak.
Txagorritxura eraman zituzten bi haurrak, haurdun zegoen emakumea eta beste emakume bat, eta bi udaltzain ere artatu behar izan zituzten kea arnastu zutelako.
Denak onik daude, suhiltzaileek eta Udaleko iturriek azaldu dutenez.
Suhiltzaileek hustu egin zuten eraikina, egurrezko egitura duena, eta laster lortu zuten sua kontrolatzea. Etxebizitza zigilatu egin zuten.
Ziurrenik hirugarren pisuko berogailu elektriko batek izandako zirkuitulabur baten ondorioz piztu zen sua.
Suak ez du kalterik eragin eraikinaren egituran. Atzo ilun zegoenez, gaur goizerako utzi zuten ikuskapen sakonago bat.
Lehen ikuskapenaren arabera, laugarren pisuko familia etxera itzul daiteke arazorik gabe. Hirugarrengoak, aldiz, garbitzera sartzeko baimena du, baina ez bizitzera sartzekoa, dena zikin eta belztuta dagoelako oraindik.
Gasteizko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako langileak bi familiekin bilduko dira egoera azaldu eta behar duten arreta emateko.