Gizartea -

Eguraldia

Hotz boladarekin ekin diogu asteari, leku askotan termometroak zeropetik daudela

Giro egonkor eta hotza izango da nagusi gutxienez asteazkenera arte. Gaur bertan zeroz azpitik 6 gradura jaitsi da termometroa Gaubean (Araba), baina kostaldean ere 0 °C-ren langaren azpitik izan dira tenperaturak: Donostian, esaterako, -1,6 °C erregistratu dituzte.

Izotza Basaburuan (Nafarroa). Argazkia: Joxe Zubieta
Izotza Basaburuan (Nafarroa).
Euskal Herria tenperatura hotzekin esnatu da

0:37

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hotzetik abiatu dugu astea, eta hurrengo egunetan behintzat, hala jarraituko du aroak. Tenperaturek apenas gaindituko dituzte 5-8 ºC-ak, eta minimoak, kasu askotan, zeropetik izango dira. Gaurko goizean ere halatsu ibili gara: -6 ºC-ra jaitsi da termometroa.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, asteazkenera arte izango dira izotza eta tenperatura baxuak gurean. Izan ere, kontinente gainean kokatu den antizikloiak borraskak geldiaraziko ditu, eta giro egonkorra ekarriko du, baina baita hotza ere. 

Hozmina izan da astelehen goiza, eta gaua ere horrelakoa espero da. Gainera, arratsaldean ipar-haize fina ibiliko da eta hotz sentsazioa areagotuko du; Ebro ibarrean ziertzoak traba egingo du, bolada gogorrekin ibiliko baita. Lehen eta azken orduetan behe-hodeiak agertuko dira, batez ere ipar partean, eta erdialdeko orduetan gutxitu egingo dira.

Euskalmetek estazio meteorologikoetan bildutako datuen arabera, sareko minimoa Gaubean (Araba) erregistratu dute, Tobillaseko estazioan: - 6,3 ºC.

Lurralde berean, Agurainen -6,2 ºC izan dituzte, eta Herrera mendatean, -6,1 ºC. Lau gradu zeropetik izan dira, bestalde, Itura (-4,7 ºC), Iruña Okan eta Zuiako Sarria estazioan (-4,6 ºC), Roitegin (-4,5 ºC) eta Eginon (Asparrena), -4,3 gradurekin. Gasteizen, Abetxuku estazioan, zeroz azpitik ia gradu bat izan dute (-0,9 ºC).

Bizkaian ere izotza egin du, eta tenperatura hotzena Urduñan erregistratu dute: -3,4 gradu. Cerrojan (Karrantza) -3,2 ºC izan dituzte; Oizen (Munitibar), -3,3 ºC; Urkiola (Abadiño), -1,9 ºC; eta Otxandion eta Balmaseda, -1,8 gradu.

Gipuzkoan "epelagoa" izan da goiza, baina zenbait lekutan zeropeko tenperaturak eduki dituzte. Horixe gertatu da, hain justu, Añarben (-2,9 ºC), Berastegin (- 2,7 ºC), Bidanian (-2,6 ºC) eta Lezon (-1,9 ºC) kasua. Kostaldean ere 0 gradutik behera egon da termometroa, eta Miramongo estazioan (Donostia), a los -1,6 ºC-ra jaitsi da.

Astearterako ez da aldaketarik espero. Giro eguzkitsua eta hotza izango ditugu lagun. Goizean lainoa sor daiteke eta behe-hodeiak ere agertuko dira ipar isurialdean. Hala ere, hodei horiek desagertuz joango dira eta oskarbi geratuko da. Lehen eta azken orduetan hotz handia egingo du, eta berriz ere zeropeko balioak izango dira barnealdean. Iparraldeko haizeak indarra galduko du eta tenperatura maximoak pare bat gradu igoko dira. Edozein kasutan, ez dute 10 ºC-tik gora egingo. Iragarpena kontuan hartuta, gauerditik 10:00ak arte abisu horian izango da EAEko barnealdea.

Asteazkenean ere giro bertsua espero da. Giro argia izango da, zeruan behe-hodei batzuk egongo badira ere (ugariagoak ipar partean). Tenperaturak berdintsu jarraituko du, eta barnealdean izotza egingo du berriro.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Alerta meteorologikoak albisteak Eguraldia argazkiak Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak