Gizartea -
RADIO EUSKADI
Fernando Dominguez: "Itxaron-zerrendak jaisten ari dira pixkanaka Nafarroan"
Nafarroako Osasun kontseilariak abenduko datua eman du, "duen jai-egun kopuruagatik, hilabete zaila". Bere hitzetan, egun batean murriztu zen lehen kontsultarako itxaron-zerrenda joan den hilabetean, 2017tik abendu batean jasotako daturik onena.
EITB MEDIA
Nafarroako Gobernuak Osasunbideko itxaron-zerrendak murrizteko hartutako neurriak "funtzionatzen" ari dira eta horren erakusle dira "joan den hilabeteetako emaitza onak". Fernando Dominguez Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak esan ditu hitzok, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. "Pozik" agertu da itxaron-zerrenden bilakaerarekin eta osasungintzako langileen "lana eta ahalegina" txalotu ditu. "Itxaron-zerrendak jaisten ari dira pixkanaka Nafarroan. Arazoa ezin da egun batetik bestera konpondu", zehaztu du.
Abenduko datuak jarri ditu mahai gainean kontseilariak, eta nabarmendu du "hilabete zaila" izan ohi dela, duen "jai egun kopuru handiagatik". "Halere, abenduko datuekin oso gustura gaude. Lehen kontsultetarako itxaron zerrenda 116 egun bakarrik igo zen joan den hilean, eta ebakuntzetakoa, 356. Hala, egun batean murriztu zen lehen kontsultarako itxaron-zerrenda joan den hilean". Datuok 2017tik erregistratutako "onenak" direla erantsi du. Egun, 61.123 herritar daude lehen kontsulta baterako zain Nafarroan, eta 10.535, berriz, ebakuntza baterako.
Osasunbidek zerbitzu publikoaren aldeko "apustua" egiten jarraituko duela berretsi ondoren, aitortu du "eskura ditugun baliabideekin beharrei ezin diegunean erantzun", kasuak sistema pribatura bideratzen jarraituko dutela, "itxaron-zerrendak murrizteko". "Gu, printzipioz, publikoaren defendatzaileak gara eta zerbitzu publikoekin egin daitekeen guztia, hala egingo dugu".
Arnas aparatuko birusen intzidentziaren gorakadari dagokionez, bereziki gripeari buruz esan du hurrengo asteetan espero dutela kasu kopuruek goia jotzea. Horretarako, Nafarroako Gobernuak aktibatuta du neguko kontingentzia plana, eta zentzu horretan, herritarrei gomendatu die, "patologia larririk ez duten kasuetan", lehen arretako zentroetara jo dezatela, "ospitaleetako larrialdi zerbitzuak ez kolapsatzeko".