Gizartea -
EZBEHARRA
Bederatzi zauritu, horietako bi larri, Noaingo etxebizitza batean izan den gas ihes baten ondorioz
Suhiltzaileak, Foruzaingoa, Guardia Zibila eta anbulantziak lanean ari dira tokian bertan. 30 atari (100 etxebizitza, guztira) hustu behar izan dituzte eta 250 bizilagun inguru ezingo dira oraingoz etxera itzuli.
EITB MEDIA
Gutxienez bederatzi pertsona zauritu dira gaur arratsaldean, horietako bi larri, Noaingo (Nafarroa) etxebizitza multzo batean, gas ihes baten ondorioz gertatu den leherketan.
Zehazki, zazpi pertsona eraman dituzte Nafarroako Unibertsitate Ospitalera, Iruñean: 22 urteko gizon bat larri dago ZIUn; 13 urteko adingabe bat ere larri dago ZIUn; 57 urteko gizon bat, 54 urteko gizon bat, 49 urteko emakume bat eta 49 urteko gizon bat, laurak behaketapean daude, pronostiko erreserbatuarekin, eta 58 urteko gizonezko bat, balorazio-prozesuan, kolpe anitz dituelako.
Bestalde, bi pertsona Noaingo osasun-zentrora eraman dituzte antsietateak jota eta kea arnasteagatik, baina alta eman diete dagoeneko.
Sebastian Marco alkateak azaldu duenez, "leherketa izugarria izan da, baina, zorionez, ez dago zauritu larririk".
Nafarroako Gobernuak eitb.eus-i jakinarazi dionez, arratsaldeko lehen orduan, 15:30 aldera, segurtasun-dispositibo bat jarri dute Zabalegi Kontzejuaren kalean, etxebizitza batean gas-ihesa eta leherketa txiki bat izan delako. Bizilagunak etxeetatik atera dituzte eta gertaera hori zauriturik gabe eta kalte gutxirekin amaitu da, Foruzaingoak X sare sozialeko profilean zabaldu duenez.
Baina, ondoren, argitu gabeko arrazoiengatik, beste leherketa bat izan da. Handiagoa bigarrena. Hamar bat etxebizitza hustu dituzte lehen gertakariaren ondoren, eta horietako batean izan da leherketa, 18:10 aldera, ezustean.
Enpresa hornitzaileko teknikariak gas-fluxua behin betiko mozteko lanean aritu dira arratsaldean, eta suhiltzaileak, berriz, etxebizitzak aireztatzeaz arduratu dira, gas-poltsak sor ez zitezen.
Leherketaren ondorioz, 250 bizilagun etxetik atera dituzte eta horietako askok senideen eta bizilagunen etxean igaroko dute gaua. Guztira, 30 atari eta 100 etxebizitza inguru hustu behar izan dituzte. Noaingo Udaltzaingoa arduratu da kaltetutako blokeetako gainerako bizilagunak inguruko hoteletan birkokatzeaz.
Kaltetutako eremua zigilatuta eta gas eta argindar hornidurarik gabe geratu da. Behin ihesa konponduta, tokiko agintariek etxeetara sartzen utzi diete bizilagunei, dokumentazioa, botikak eta norberaren gauzak jasotzeko, baina etxebizitzak itxita geratu dira.
Foruzaingoa eta Guardia Zibila batera ari dira istripuaren arrazoiak ikertzen.
Alkateak EITBri jakitera eman dionez, bizilagunak ez dira gaur gauean itzuliko.
Sareetan zabaldu diren irudietan, sua eta etxebizitza bateko fatxadaren zati handi bat behera etorri dela ikusten da: