Gizartea -

Osasun Sistema

Espainiak 100.000 erizain gehiago behar ditu gutxienez

Osasun Ministerioaren arabera, 22 eta 29 urte artean beharko dira EBko ratiora iristeko. Espainian 345.969 erizain daude, eta horietatik % 85,5 emakumeak dira. Gainera, hamarretik lauk hamar urte barru lana uzteko asmoa dute, eta % 17k bi urteren buruan utzi nahi omen dute.

Osakidetzako erizainak. Artxiboko argazkia: Irekia
Osakidetzako erizainak. Artxiboko argazkia: Irekia
Osakidetzako erizainak. Artxiboko argazkia: Irekia

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Estatuan 345.969 erizain daude, eta horietatik % 85,5 emakumeak dira. Osasun Ministerioaren kalkuluen arabera, gutxienez 100.000 erizain falta dira Europako kopurura iristeko; horretarako, 22 eta 29 urte bitartean beharko dira, egungo hazkunde erritmoari eusten bazaio.

Gaur Javier Padilla Estatuko Osasun idazkariak aurkeztutako 'Egungo egoera eta Espainiako erizainen premiaren kalkulua, 2024' txostenaren ondorio nagusietako batzuk dira aipatutakoak; izan ere, erizainen ratioa 1.000 biztanleko 6,3 da, eta EBkoa, berriz, 8,5.

Bestalde, hamar erizainetatik lauk hamar urte barru lana uzteko asmoa dute, eta % 17k bi urteren buruan uzteko asmoa omen dute; gehienek beren lan-baldintzek eragindako arrazoi profesionalak direla eta, edota osasun-arazoengatik edo faktore emozionalen eraginez. Hala ondorioztatzen da Osasun Ministerioak, Carlos III.a Osasun Institutuko (ISCIII) Investenekin lankidetzan, 2024an 55.000 profesional baino gehiagori egindako inkesta oinarri hartuta.

Espainian 46.114 erizain espezialista daude, eta gehiago kobratzen dute, bai lehen arretan, bai ospitaleetan. Gutxieneko soldata handienak Kanarietan (2.898 euro ospitaleetan eta 3.318 euro lehen arretan), Nafarroan (2.917 euroko soldata uniformea), eta Ceuta eta Melillan (2.812 euro eta 3.005 euro arreta mailaren arabera) daude. Aldiz, Kantabrian (1.647 euro eta 2.080 euro) eta Madrilen (2.005 eta 2.281 euro) dituzte soldata txikienak.

Bestalde, 2024an erizainen lanaldia astean 35 ordukoa izan da; Nafarroan, Katalunian, Madrilen, Valentzian, Ceutan eta Melillan (37,5 ordu) eta Galizian eta Aragoin (36,2 ordu) izan ezik.

2023an, kontratutakoen % 83,7 bere erkidegoan geratu ziren erizainak izan ziren, eta 4.257 profesional lekualdatu zituzten. Katalunia da erizainen hartzaile nagusia, 3.880 kontratuko saldo positiboarekin; horren atzean daude Madril, Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoa (1.423, 1.027 eta 1.001 kontratu, hurrenez hurren).

Andaluzia, Gaztela-Mantxa eta Gaztela eta Leon, aldiz, erizainen igorleak dira, saldo negatiboa dute eta: -1.937, -1.129 eta -679 kontratu, hurrenez hurren.

Espainiara heltzen diren erizainen kopuruak, ostera, % 136,5 egin du gora, 726 profesional iritsi baitziren 2022an: 195 Portugaldik, 113 Kolonbiatik, 76 Errumaniatik eta 70 Italiatik.

Azkenik, Espainiatik atzerrira joandako erizainen kopurua egonkor mantendu da 6.000 eta 8.000 artean 2022ra arte. Urte horretan 4.150era jaitsi zen. Hala ere, urteko migrazio-fluxua etengabea izan da: 500. Norvegiara jotzen dute gehienek, eta askok Erresuma Batura.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Erizaintza