Gizartea -

ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN

Gripearen intzidentziak aste honen amaieran goia jotzea aurreikusten du Osakidetzak

Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko zuzendariaren arabera, aurten gripea "atzeratu" da, baina aurtengo intzidentzia eta aurreko urteetakoak "antzekoak" dira. Lehen Arretan eta ospitaleetan ari da nabaritzen gehien, baina larritasun gehiegirik gabe egoerari aurre egitea espero du Osakidetzak.

Maite Martinez, Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko zuzendaria, gaur, Euskadi Irratian
Maite Martinez, Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko zuzendaria, gaur, Euskadi Irratian
Maite Martinez, Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko zuzendaria, gaur, Euskadi Irratian

play icon 22:22

O. A. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gabonetako oporraldia igaro ondoren, gripearen intzidentziak gora egin du han eta hemen, eta Osakidetzak aurreikusi du aste honen amaieran joko duela goia Euskal Autonomia Erkidegoan.

Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan Maite Martinez Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko zuzendariak azaldu duenez, gripearen intzidentzia eta aurreko urteetakoak "antzekoak" dira, aurten pixka bat "atzeratu" bada ere. Lehen Arretan, eta, bereziki, ospitaleetako larrialdi zerbitzuetan presioa igo egin dela onartu arren, larritasun gehiegirik gabe egoerari aurre egitea espero du.

Onartu du Osakidetzan oro har profesionalak falta direla, baina ez da bereziki kezkatuta agertu erizain faltarekin. Espainiako Osasun Ministerioak kaleratutako azken datuen arabera, 100.000 erizain behar dira Estatuan, horietatik 1.000 Euskal Autonomia Erkidegoan. Erizainen lan baldintzak hobetzea (behin-behinekotasuna murriztea) eta horien konpetentzia guztiak garatzea da "gehien larritzen gaituena", ez hainbeste kopurua handitzea.

Erizainek, protokolo eta testuinguru baten barruan, Lehen Arretan eskuhartze "arinak" egiteko modua daukatela uste du Martinezek. "Beti pentsatzen dugu gaixo gaudenean mediku batek ikusi behar gaituela, baina beharbada hori ez da nahitaezkoa. Hainbat profesional daude, hainbat lan oso ondo egiten dakitenak, eta Lehen Arretan, adibidez, erizainek oso egiteko garrantzitsua daukate eta oso ondo egiten ari dira", gaineratu du.

Bestalde, Osasun Sailak emandako azken datuen arabera, inoiz baino pediatra gehiago daude, baina, hala ere, 13 osasun eskualdeetatik erditan iaz baino pediatra gutxiago daude eta 14 osasun zentrotan ez dago bakar bat ere. Martinezen esanetan, arreta bermatuta badago ere, herritarrek ulertu beharko dute ezin direla zerbitzu guztiak etxe ondoan izan eta agian ondoko anbulatoriora joan beharko dutela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Osakidetza Gaixotasunak argazkiak Gizartea bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Osasun albisteak Terapeutika-profesionalak Basurtuko ospitalea albisteak Gurutzetako ospitalea Erizaintza Gripea Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Galdakao-Usansolo Ospitalea albisteak Irratia euskaraz