Gizartea -
hilketa-saiakera
Gizon bat atxilotu dute Zaratamon, aizkora batekin bi pertsonari eraso egitea egotzita
Gizonezkoa Galdakaon atxilotu dute, eta guardiako epaileak aske utzi du, biktimei dagokien kautelazko neurriak hartuta. Gertakariak Errege egunean jazo ziren.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen astelehenean Galdakaon (Bizkaia), giza hilketa saiakera delitu baten ustezko egilea izatea leporatuta, aizkora batekin bi petsonari erasotzeagatik eta bere txakurra haien aurka xaxatzeagatik, Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Errege gauean gertatu zen guztia, Bizkaiko Zaratamo herrian. Biktimen bertsioaren arabera, bezperan Ugaoko ostalaritza establezimendu batean eztabaida izan zuten, eta gizon bati azalpenak eskatzera joan ziren; gizonak aizkora bat hartu eta biei eraso egin zien, eta bere txakurra xaxatu zuen haiei eraso egin ziezaien.
Txakurraren hozkadek eta aizkoraz egindako lesioen ondorioz, bi zaurituek erietxera joan behar izan zuten, batek zauri larriak zituelako gorputzeko hainbat ataletan, eta ebakuntza egin behar izan zioten.
Gertatutakoaren berri izan zutenean, eta biktimek emandako datuetan oinarrituta, Ertzaintzako agenteek Galdakaoko Polizia egoitzara joan zezan deitu zuten ustezko erasotzailea, eta bertan atxilotu zuten astelehenean, giza hilketaren saiakera delitua leporatuta.
Bestalde, etxean aizkora eta hasiera batean biktimak mehatxatzeko erabili zuen urpeko arrantzarako fusil bat konfiskatu zizkioten. Gainera, txakurra udal txakurtegira eraman zuten, eginbideak amaitu bitartean.
Antzeko egintzengatik aurrekariak dituen atxilotua astelehen gauean utzi zuten epailearen eskuetan, eta guardiako epaileak aske utzi zuen biktimekiko kautelazko neurriak ezarrita.