Gizartea -
Bizkaia
Bilbok HAPO aldatu du pisu turistikoen ezarpena mugatzeko
Erabilera turistikoko logelak eta etxebizitzak lehen solairuan baino ezin izango dira Bizkaiko hiriburuko auzorik kaltetuenetan.
Agentziak | EITB MEDIA
Bilboko Udalak hilabete honetako ohiko osoko bilkuran onartuko du Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) aldaketa. Horren bidez, erabilera turistikoko logelek eta etxebizitzek gehien kaltetutako auzoetan (Alde Zaharra, Bilbo Zaharra, Matiko, Abando, Indautxu eta Olabeaga), aipatutako bi jarduerak parekatuko dira, eta, ondorioz, eraikinetako lehen solairuan bakarrik ezarri ahal izango dira.
Aldaketa horren helburua da ostatu turistikoak eta etxebizitza kolektiboak ezartzeko araudia egokitzea, hiriaren garapen "orekatua" bermatzeko.
Hala azaldu du astearte honetan Asier Abaunza Hiri Plangintzako, Proiektu Estrategikoetako eta Espazio Publikoko zinegotziak komunikabideen aurrean, Plangintzako Aholku Batzordeari aurkeztu aurretik. Hurrengo bilera datorren astean izango da, eta organo aholku-emaile horrek txostena egin beharko du, aldaketa urtarrileko ohiko osoko bilkuran hasieran onartu baino lehen.
Abaunzak adierazi duenez, Udalak ohiko etxebizitzetan bizitegi-erabilera sustatzeko asmoarekin heldu dio gaiari, baina baliabide turistikekin bateragarri eginez, eta hiri-ingurunearen babesa eta eraikinetako bizitegi-erabileren eta jarduera ekonomikoaren nahasketa orekatua ahaztu gabe.
Planteamendu "murriztaileagoa" da hori, Bilboko turismo-eskaintzaren egoerari buruzko "azterketa sakona" egin ondoren ondutakoa. Zinegotziak gogoratu du hiria EAEko beste udalerri batzuek baino ratio baxuagoak dituela per capita turismo-plazei dagokienez, nahiz eta azken urteetan hazkunde handia izan duten erabilera turistikoko gelek eta, batez ere, erabilera turistikoko etxebizitzek; izan ere, hiriko turismo-plaza guztien % 24 dira dagoeneko.
Erabilera turistikoko logelak eta etxebizitzak gehien kontratatzen diren eremuak Alde Zaharra, Bilbo Zaharra, Matiko (Uribarri), Abando, Indautxu eta Olabeaga dira.
Aldaketaren aurretik, Udalak 2024ko urriaren 30ean onartu zuen Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroan izen-emate berrietarako adostasun-txostenak kautelaz etetea.
Egungo arauketa 2022ko martxoan onartutako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean jasota dago, eta ez du mugarik ezartzen lehendik dauden erabilera turistikoko logelen etxebizitzetan ezartzeko; izan ere, orain arte egoitza-erabilera bat garatzen zutela uste zen. Arauketa berriak badakartza, ordea, erabilera turistikoko etxebizitzak ezartzeko mugak, jarduera ekonomikotzat jotzen baitira.
Planteatzen den aldaketaren berritasun nagusia da erabilera turistikoko logelak etxebizitzekin parekatzea, murrizketa berberekin, bigarrenek jada dituzten ezarpen-mugak ekidin nahian lehenengoetara jotzea saihesteko.
Lehendik dauden eta erabilera aitortua duten etxebizitza libreen eraikinetan etxebizitzak egiteko erabiltzen den beheko solairuan bakarrik baimenduko dira, eta sarbide independentea eta ibilbide irisgarria izan beharko dute. Gainera, eraikinetan ostatu turistiko bana izateko muga ezarriko da, eta etxebizitza horretan erroldatuta egotea eta erabilera turistikoa modu alternatiboan bateragarri egitea ahalbidetuko da.
Bizitegi-eraikinetan, beheko solairuan edo lehenengoan bakarrik baimenduko dira ostatu turistikoak, sarbide independentea eta irisgarriarekin; hirugarren sektoreko eraikinetan, berriz, erabilera turistikoko establezimenduak baimenduko dira, baina ez apartamentu turistikoak.
Araudi berriak beste bizitoki mota batzuen inguruko irizpideak ere argitu nahi ditu, hala nola etxebizitza kolaboratiboak, egoitza komunitarioak eta etxebizitzarekin pareka daitezkeen beste bizitoki batzuk. Horrez gain, bizigarritasunari eta diseinuari buruzko zehaztapen teknikoak garatu nahi ditu.
Gainera, ikasleen egoitzak bateragarriak izan ahalko dira turismo-ostatuaren erabilerarekin, gehienez ere hiru hilabetez, udan. Baina gutxieneko plaza iraunkor bat bermatuko da ikasleentzat (% 30).