Gizartea -
Urtarrilak 20
Donostiako Danborradak kartel propioa du berriro, 43 urteren ondoren
'Donostiako Danborrada' da Joseba Larretxe diseinatzaile bidasotarrak egindako kartelak dakarren leloa, eta desfileetako pertsonaia nagusiak agertzen dira bertan.
Agentziak | EITB Media
Donostiako Udalak San Sebastian hiriaren zaindariaren omenezko jairako kartel bat egiteko ohitura berreskuratu du —1981etik ez zen egiten—, eta aurten, gainera, pantaila erraldoi bat jarriko du kaian, ekitaldi esanguratsuenak zuzenean jarraitzeko.
Nobedade horiek gaur iragarri dituzte Eneko Goia alkateak eta Jon Insausti Kultura zinegotziak udaletxean emandako prentsaurrekoan, urtarrilaren 20an ospatzen den "donostiarren jairik kuttunena" abiatzeko egun gutxi falta direnean.
'Donostiako Danborrada' da Joseba Larretxe diseinatzaile bidasotarrak egindako kartelak dakarren leloa, eta desfileetako pertsonaia nagusiak agertzen dira bertan: danborrari bat, jantzi napoleoniko tradizionalarekin; urketari bat upela jotzen eta ume sukaldari bat, sardexka handi batekin.
Horrela, San Sebastian jaiak kartel propioa izango du, DK Festak udal erakundeak antolatutako beste jai eta ekitaldi batzuekin gertatzen den bezala, eta 43 urte kartel barik eman ondoren tradizioa berreskuratu dute.
Goiak azaldu duenez, jaia bazetorrela iragartzeko egin zen azken kartela 1981ekoa da, eta urte horretan Haur Danborradako konpainiei eman zitzaien protagonismoa. Orduan, 24 izan ziren; 2025ean, ordea, 45 taldek hartuko dute parte haurren desfilean.
Donostiako jai nagusia "sasoi onean" dagoela nabarmentzeko, alkateak gogorarazi du duela 43 urte helduen danborradan 23 taldek hartu zutela parte, eta, orain, ordea, 167k.
Beste berritasun bat, portuan jarriko den pantaila handia da, banderaren igoera eta jaitsieraren eta haur danborradaren emanaldiak zuzenean jarraitu ahal izateko.
EITBrekin elkarlanean egingo den ekimen honen helburua jaia jarraitzeko orduan "leku publikoak dibertsifikatzea" da, "guztiontzat eskuragarriago" izateko, alkateak gaineratu duenez.