Gizartea -

Leherketa Noainen

Noaingo gas-leherketan zauritutako batek alta jaso du eta bost dira orain erietxeratutakoak

22 urteko gizonezko gazteak eta 13 urteko neskatoak larri jarraitzen dute Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko ZIUn. Erietxe berean Noainen zauritutako beste bi lagun dituzte, egonkor, eta hirugarren pertsona bat San Miguel klinikara eraman zuten atzo.

Horrela geratu dira etxebizitzetako batzuk. EFE
Horrela geratu dira etxebizitzetako batzuk.
Horrela geratu dira etxebizitzetako batzuk. EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Noaingo (Nafarroa) gas-leherketan zauritutako bederatzi pertsonatatik bostek jarraitzen dute erietxeratuta, gertakari larria jazo eta bi egunera, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez.

Zauritutakoen egoerari buruz egindako azken balantzean (07:15ekoa) jaso dutenez, hainbat kontusiorengatik ospitalean zegoen 54 urteko gizonezkoak sendagiria jaso du gaur, asteazkenarekin. Atzo goizean beste batek, 58 urteko gizaseme batek, jaso zuen alta.

Dena dela, bi dira oraindik larri zauritutakoak, biak ala biak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU). Bigarren leherketak bete-betean harrapatu zituen 22 urteko gizonezko bat eta 13 urteko neskato bat dira. Erietxe berean, baina egonkor, beste bi pertsona daude: 49na urteko emakume bat eta gizon bat.

Horrez gain, bosgarren pertsona bat, 57 urteko gizonezko bat, Nafarroako Unibertsitate Publikotik San Miguel klinikara eraman zuten atzo, hobera egin zuela eta.

Bien bitartean, Foruzaingoak eta Nafarroako Guardia Zibilak gertakaria ikertzen jarraitzen dute, leherketaren arrazoiak argitu eta gas-ihesaren iturria zehazteko. Izan ere, oraindik ez dakite zerk eragin zuen hainbat lekutan eztandak izatea. Hori argituta, irtenarazitako 250 bizilagunak, apurka-apurka, etxera itzultzen hasi ahalko dira. Gaur-gaurkoz, senitarteko edo lagunen etxeetan eta inguruko bi hoteletan daude. Agintariek nabarmendu dute egora ez dela aldatuko buelta segurtasunez egingo dela bermatu arte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Noain Nafarroako Ospitale Gunea