Gizartea -

INDARKERIA MATXISTA

Lopezen aurkako epaiketaren bigarren saioa hartuko du Bizkaiko Auzitegiak, lekuko gehiagoren deklarazioarekin

Atzo, lehen saioan, Gernika taldearen entrenatzaile ohiak azaldu zuen "harreman platonikoa" zela adin txikiko neskarekin izan zuena, "sexu-harremanik gabekoa".

López, ayer, en el banquillo de los acusados. Foto: EFE
López, ayer, en el banquillo de los acusados.
López, ayer, en el banquillo de los acusados. Foto: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mario Lopez Gernika emakumezkoen saskibaloi taldearen entrenatzaile ohiaren aurkako epaiketaren bigarren saioa hartuko du gaur Bizkaiko Lurralde Auzitegiak, 09:00etan hasita. 1998tik 2001era 13 urteko neska bati modu jarraian sexu-abusuak egitea leporatzen diote. Gaurko saioan defentsaren zein akusazioaren lekuko gehiagok deklaratuko dute, tartean Lopezen psikiatrak.

Atzo, epaiketaren lehen saioan, Gernika taldearen entrenatzaile ohiak azaldu zuen "harreman platonikoa" zela adin txikiko neskarekin izan zuena, "sexu-harremanik gabekoa". Defentsak azaldu zuenez, akusatuak epailearen aurrean esan zuen ez zuela sexu-harremanik izan adingabearekin, eta erantsi zuen biktimak "maitasun gutunak" bidali zizkiola. Bere aldetik, akusazio partikularrak uko egin zion hedabideen aurrean adierazpenak egiteari epaia izan arte.

Ia bost orduz luzatu zen lehen saioa, eta bitartean, Bilboko Justizia Jauregiaren kanpoaldean, mugimendu feministak deituta, emakume taldeek elkarretaratzea egin zuen biktimari babesa adierazteko eta "biktimak babesten ez dituen" sistema judiziala salatzeko.

Fiskaltzak 14 urteko kartzela-zigorra eskatzen du Lopezentzat, eta akusazio partikularrak, 18 urtekoa, 13 urte zituenetik 16 urte bete arte jokalari adingabeari sexu-erasoa egitea egotzita.

Ministerio Publikoaren txostenaren arabera, 1998ko uztailetik —entrenatzaileak 31 urte zituen orduan, eta biktimak, 13— 2001era arte, "aitzakiak jarrita", bere etxera eramaten zuen neska entrenatzaileak. Han, Lopezek sexu-erasoak egiten omen zizkion biktimari. Adingabeak "beldurra" zion entrenatzaileari "agresiboa eta oso zorrotza" zelako berarekin entrenamenduetan.

Biktimari trauma osteko estresa diagnostikatu zioten, eta laguntza psikologikoa behar izan du. 2023ko abenduan salatu zuen entrenatzaile ohia, eta klubak kargutik kendu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Saskibaloia Indarkeria matxista Bizkaia Gernika-Lumo Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Lointek Gernika Bizkaia Sexu erasoak