Gizartea -
Sutea planetarioan
Nafarroako Gobernuak Iruñeko Planetarioaren kupula berreraikitzeko asmoa agertu du
Foruzaingoa lehen aldiz sartu da Planetarioan eta sutea zerk eragin zuen argitzeko ikerketa abiatuko du. Rebeca Esnaola Kultura kontseilariak azaldu duenez, orain arte "kupulan izandako tenperatura altuek eta giroaren toxikotasunak ezinezko egiten zuten bertara sartzea".
EITB Media
Foruzaingoaren Polizia Judizialaren agenteak aurreneko aldiz sartu dira Iruñeko Planetario barrura, sute batek kupula eta proiekzio gela guztiz suntsituta utzi eta biharamunean. Behin eraikin barruan, sutea zerk eragin zuen ikertu ahalko dute agenteek.
Rebeca Esnaola Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Turismo sailburuak eraikinaren aurrean agerraldia egin du goizean, gertakariaren gaineko azken ordukoen berri emateko. Elementurik esanguratsuena den kupulari buruz "ez dago zalantzarik, beste gauza bat da denbora", esan du. Horrez gain, "eraikinaren eta bere balorazioaren inguruko hausnarketa prozesu bat" ireki zutela adierazi du. Planetarioaren etapa berria azkartu egin da gertatutakoaren ondoren.
Azaldu duenez, atzo "ezinezkoa" izan zen planetarioan sartzea, "kupulan izandako tenperatura altuak eta giroaren toxikotasuna" zirela eta.
Nafarroako suhiltzaileek bederatzi ordu eman zituzten sua guztiz amatatzeko. Oraindik kalteak zenbatu ez diren arren, suhiltzaileek aurreratu dute kupula eta proiekzio gela kiskalita geratu direla, eta hortaz, tarte luze batean ezingo direla erabili.
Hain justu, kontseilariak iragarri du planetarioaren jarduna berreskuratzeko eta ekintzak beste leku batzuetan egiteko borondate argia duela Gobernuak. Era berean, kupula berreskuratzeko asmoa badagoela nabarmendu du, "denbora beharko den arren", ohartarazi du.
Sutea proiekzio gelan piztu ote zen galdetuta, kontseilariak erantzun du oraindik ez dutela "ziurtasun osoa". "Zorroztasunez hitz egin behar da, ezin dira hipotesiak bota, % 100ean baieztatu ezin badira", erantsi du.
Gainera, argitu du suteen kontrako detekzio sistemek ondo funtzionatu zutela atzokoan.
Iruñeko Planetarioa zientzia eta teknologiaren hedapenerako zentro bat da, hiriburuko Yamaguchi parkean kokatutakoa. Eraikinaren berezitasunetako bat kupula da; 20 metroko diametroa du, eta munduko handienetakoa bat da.
Bien bitartean, planetarioko ohiko jarduerak beste espazio batzuetan birkokatzeko lanean ari dira. Planetarioak 170.000 bisita inguru jasotzen ditu urtean. Langileak (zazpi dira) telelanean ari dira gaur egun.