Gizartea -
SABINO ARANA SARIAK
Iñigo Urkullu, ETS, Las Poderosas eta Jabo Irureta, Sabino Arana Fundazioaren 2024ko saridunen artean
Leopoldo Martinezek, Stephane Sejournek eta Jean-Claude Larrondek osatzen dute zerrenda. Azaroaren 26an, Bilboko Arriaga Antzokian, egingo du sari-banaketa ekitaldia Sabino Arana Fundazioak.
EITB MEDIA
Sabino Arana Fundazioak gaur jakinarazi du nortzuek jasoko duten 2024ko Sabino Arana saria. Iñigo Urkullu lehendakaria, En Tol Sarmiento musika-taldea, emakumeen trafikoaren aurka lan egiten duen Las Poderosas emakume-taldea, Javier Iruretagoiena futbol-jokalari eta entrenatzailea, Leopoldo Martinez abokatu eta politikari venezuelarra, Stephane Sejourne politikari frantziarra eta Jean-Claude Larronde abokatu eta historialaria sarituko dituzte aurten.
Mireia Zarate eta Ignacio Etxeberria Sabino Arana Fundazioaren presidenteak eta idazkariak, hurrenez hurren, eman dituzte ezagutzera izenak, eguerdian, Bilboko euren egoitza nagusian egin duten prentsaurrekoan.
Banan-banan egin dute sarituen ibilbidearen errepasoa, gizartearen alde egin duten lana nabarmenduz. Hala, Iñigo Urkulluri buruz lehendakari izan zen urteetan "akordioak adosteko" eta "guztion onerako lan partekatua sustatzeko" izandako "gaitasuna" goratu dute. ETS taldeari buruz, berriz, 20 urteko ibilbidean "Euskadiko mugatik, Arabako Errioxatik, euskararen alde egindako apustu sendoa" azpimarratu dute. Eta bide beretik, gainerako sarituek bere lan-esparrutik euskal "gizarteari egindako ekarpenaren balioa" aitortu nahi izan dute Zaratek eta Etxeberriak.
1989. urtetik banatzen dira Sabino Arana sariak eta, orotara, 202 erakunde eta norbanako saritu dituzte. XXXVI. edizioaren sari-banaketa urtarrilaren 26an izango da, Bilboko Arriaga Antzokian, 12:00etatik aurrera.