Gizartea -

Leherketa Noainen

Nafarroako Barne kontseilaria: "Gas enpresak ebatzi zuen ez zegoela gas isuririk ezta arriskurik ere"

Hala ere, Amparo Lopez kontseilariak ez du konpainia gertatutakoaren erantzule egin nahi izan, "ikerketapean dagoelako, eta susmoak oinarri hartzea delako". Esan du bizilagunak etxera itzultzeko erabakia "guztien artean" hartuko dela, "segurtasuna bermatuta" dagoenean.

Guardia zibilak, Noaingo (Nafarroa) etxebizitza batean. Argazkia: EFE
Guardia zibilak, Noaingo (Nafarroa) etxebizitza batean. Argazkia: EFE
Guardia zibilak, Noaingo (Nafarroa) etxebizitza batean. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Amparo Lopez Nafarroako Gobernuko Barne kontseilariak gaur ziurtatu duenez, "gas enpresak ebatzi zuen ez zegoela gas isuririk", eta, beraz, "arriskurik" ere ez Noaingo (Nafarroa) Zabalegui kontzeju kaleko etxebizitzetako bizilagunak etxera itzul zitezen gauzak jasotzera. Une horretan gertatu zen, hain zuzen ere, bederatzi pertsona zauritu eta gutxienez 40 etxebizitzatan kalte larriak eragin zituen bigarren leherketa.

Lopezek agerraldia egin du gaur, Foru Gobernuaren ohiko bileraren ostean, eta kazetarien galderei erantzunez, astelehen arratsaldean Nafarroako udalerrian gertatutakoaren kronologia egin du berriro.

"Eztanda txiki bat izan zen, 112ra deitu edo abisua jaso zen, baliabideak bideratu zituzten, eta gasa hornitzen duen enpresa bertaratzea eskatu zen", azaldu du. Konpainiak, azterketak eta neurketak egin ondoren, "arriskurik ez zegoela ziurtatu zuten (...); arriskurik ez badago, ezin da eragotzi inor etxera itzultzea", argudiatu du.

Hala ere, kontseilariak azpimarratu du gertatutakoa "ikertzen" ari direla Foruzaingoa eta Guardia Zibila, eta "susmorik ez zabaltzea eta subjektibotasunean ez erortzea", eskatu du. "Ikerketa luzea izango da", ohartarazi du.

Etxetik aterarazitako 250 pertsonak etxera noiz itzul daitezkeen galdetu diotenean, erantzun du dena behaketen araberakoa izango dela, enpresa hornitzailea asteartetik neurketak egiten ari baita, eta "ihesik ez dagoela ziurtatu" behar dute.

"Enpresak ziurtatzen duenean, egiaztatu egingo dugu, eta batera erabakiko dute" Udalak, Udaltzaingoak, Guardia Zibilak eta Foruzaingoak, "enpresak ematen duen informazioan oinarrituta". Lopezen arabera, "epeak murriztea eta, aldi berean, segurtasuna bermatzea" ari dira bilatzen.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Noain