Gizartea -
Leherketa Noainen
Noaingo eztandaren ondorioz ebakuatu zituzten 80 familia berehala itzuli ahalko dira etxera
40 etxeko bizilagunak geratzen dira bueltatzeko, eta horietatik zortzi, leherketatik gertuen dauden bi atarikoak, "kalte larriak" jasan dituzte. Agintariek zortzi etxebizitza horietako bizilagunak noiz itzuli ahal izango diren ez dute zehaztu. Bestalde, aurkitu dute gas-ihesa zuen hodia.
EITB Media
Noaingo eztandaren ondorioz etxebizitza utzi behar izan zuten 20 ataritako 80 familiak etxera itzultzeko baimena jaso dute, arriskurik ez dagoela egiaztatu eta gero.
Sebastian Marco alkateak, Amparo Lopez Nafarroako Gobernuko Barne kontseilariak eta eta Alicia Echeverria Espainiako Gobernuak Foru Erkidegoan duen ordezkariak prentsaurrekoan azaldu dutenez, teknikariek ziurtatu dute dagoeneko "etxera itzultzea segurua" dela.
"Arazoa non egon zen ikusi da" eta "lasaitasuna" helarazi dute, "etxeetara itzultzea segurua delako", berretsi dute.
40 etxetako bizilagunak bueltatzeko baimenaren zain daude oraindik, eta horietatik zortzi, leherketatik gertuen dauden bi atarikoak, "kalte larriak" jasan dituzte. Agintariek zortzi etxebizitza horietako bizilagunak noiz itzuli ahal izango diren ez dute zehaztu.
Gainerakoak —32 bat etxebizitzatako bizilagunak— kalteak konpondutakoan bueltatuko dira, baina agintariek, kasu horretan ere, ez dute data zehatzik eman.
Bestalde, atariko fasean dagoen ikerketan gas-ihesa zuen hodia aurkitu dute, 24. atariaren inguruan. Ikuskapenak eta argazkiak egin dira, baina Espainiako Gobernuaren ordezkaria, ezohiko leherketa izan ote den galdetuta, ez da erantzuteko gai izan, ikerketak erabakitzen duenaren zain.
Kontseilariak eta Espainiako Gobernuaren ordezkariak segurtasun indarren eta larrialdi zerbitzuen arteko "koordinazioa" nabarmendu dute, "hasieratik".
Goizean, kontseilariak ziurtatu duenez, "gas enpresak ebatzi zuen ez zegoela gas isuririk", eta, beraz, "arriskurik" ere ez etxebizitzetako bizilagunak etxera itzul zitezen gauzak jasotzera.
Gas-leherketan zauritutako bederatzi pertsonatatik bostek jarraitzen dute erietxeratuta, gertakari larria jazo eta bi egunera, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez. Zauritutakoen egoerari buruz egindako azken balantzean jaso dutenez, hainbat kontusiorengatik ospitalean zegoen 54 urteko gizonezkoak sendagiria jaso du gaur, asteazkenarekin. Atzo goizean beste batek, 58 urteko gizaseme batek, jaso zuen alta.