Gizartea -
EZBEHARRA
Gutxienez 50 pertsona hil dira itsasoan, Kanarietara zihoan kaiuko bat hondoratuta
Caminando Fronteras Gobernuz Kanpoko Erakundeak azaldu duenez, urtarrilaren 2an Mauritaniatik abiatu zen kaiukoa eta Marokoko agintariek 36 pertsona erreskatatu dituzte ontzitik.
Agentziak | EITB MEDIA
Gutxienez 50 lagun hil dira itsasoan, kaiuko bat hondoratuta. Mauritaniatik irten zen Kanarietara bidean, eta tartean 44 migrante pakistandar zeuden, Caminando Fronteras GKEak ohartarazi duenez.
Helena Maleno bozeramaileak azaldu duenez, bere erakundean tragediaren berri izan berri dute, agintari marokoarrek atzo, urtarrilak 15, kaiukotik 36 pertsona erreskatatzea lortu zutelako.
GKE horrek esku artean dituen lehen informazioen arabera, ontzia 86 bidaiarirekin abiatu zen (hala ere, gehiago izan zitezkeen) eta hamahiru egun eman zituen itsasoan.
Gutxienez hiru emakume zeuden ontzian, tartean, nerabe bat; gaztea bizirik dago.
Espainiako Itsas Salbamenduko zerbitzuak ez du hondoratze horri buruzko informaziorik, Espainiako zerbitzuek ez baitute erreskateetan parte hartu; Marokok hartu du horren ardura.
Istripua izan zuen kaiukoan gehienak asiarrak ziren (66 pakistandar; 86, guztira), Malenok zehaztu duenez.