Gizartea -
Migrazioa
Mobilizazioa deitu dute hilaren 26rako Irunen, migrazio-politika "hiltzaileen" aurka
Mila pertsonak baino gehiagok bat egin dute Korrikan zehar 36 migratzaileri muga zeharkatzen laguntzeagatik auzipetutako zazpi ekintzaileei babesa emateko autoinkulpazio kanpainarekin.
Agentziak | EITB MEDIA
Mila pertsonak baino gehiagok bat egin dute "J'accuse" autoinkulpazio kanpainarekin, Korrikaren inaugurazioan Hendaiara (Ipar Euskal Herria) 36 migratzaile gurutzatzen laguntzea egotzita auzipetutako zazpi ekintzaileei babesa emateko.
Kanpainaren bultzatzaileek ohar batean salatu dituzte "migrazio politika arrazista eta hiltzaileak", eta hilaren 26an Baionan epaituko dituzten pertsona horiei akusazioa kentzea eskatu dute; antolatutako taldeko kide izatea eta migratzaileei muga legez kanpo zeharkatzen laguntzea egozten diete ekintzaileei.
Gertaera iazko martxoan izan zen, Korrikaren inaugurazio ekitaldian, non jatorri afrikarreko 36 migratzailek muga zeharkatzea lortu zuten, egun horretan Irundik (Gipuzkoa) irten eta Ipar Euskal Herrira iritsi ziren euskararen aldeko lasterketako petoak jantzita.
Ekimenean "dozenaka eragile sindikal, sozial eta politikok parte hartu zuten, desobedientzia ekintza horren bidez Euskal Herria harrera herria dela erakusteko", azpimarratu dute ekimenaren bultzatzaileek.
Gogorarazi dute "J'accuse" kanpainak orain arte 1.000 autoinkulpazio baino gehiago jaso dituela, eta urtarrilaren 26an Irunen (Gipuzkoa) egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute. Manifestazioa 11:30ean aterako da Ficobako erakustazokatik, eta muga zeharkatuko du.
Aurreratu dute epaiketaren egunean bertan Baionan mobilizazio bat antolatuko dutela, bildutako autoinkulpazio guztiak epaitegi atarira eramateko.