Gizartea -
Delituak
Gizon bat atxilotu dute Basaurin, autoan zihoala, beste gidari bati pistola batekin mehatxu egiteagatik
Modu aldrebes eta arriskutsuan gidatzen ari zen atxilotua eta haren atzetik zihoan gidariak argiekin keinu egin zion. Lehenak, orduan, pistola atera zuen leihotik, airera tiro egin eta atzean zihoana metxatu zuen. Bertaratu ziren ertzainei ere oldartu zitzaien, baita heriotza mehatxuak egin ere.
EITB Media
Ertzaintzako agenteek 38 urteko gizonezko bat atxilotu dute Basaurin (Bizkaia), pertsona bati pistola batekin mehatxu egiteagatik eta hura atxilotzera joandako agenteei eraso egiteagatik.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, asteazken arratsaldean gertatu zen guztia: biktima eta atxilotu zuten gizona errepidean zihoazen, nor bere ibilgailuan.
Aurretik zihoana (atxilotua) modu aldrebes eta arriskutsuan zihoala ikusita, atzetik zihoan gidariak argiekin keinu egin zion aurrenekoari, eta, horren ondorioz, lehenengoak pistola bat atera zuen leihotik, airera tiro egin zuen, eta, ondoren, biktimaren aurka apuntatu zuen, eta mehatxu egin ere.
Gertaera horren ondoren, ez zuten elkar ikusi, Basaurira iritsi arte. Han, biak beren ibilgailuetatik jaitsi ondoren, berriro topo egin zuten, eta arma zeramanak atzera atera egin zuen hura, eta mehatxatzen jarraitu.
Hori ikusita, biktimak SOS Deiak 112 telefono zenbakira deitu zuen, eta, handik gutxira, Ertzaintzaren patruila bat bertaratu zen eta mehatxuen ustezko egilea identifikatu zuen.
38 urteko gizonezkoa agenteei ere oldartu zitzaien, iraindu eta heriotza mehatxuak egin zizkien. Mendean hartzea lortu zutenean, atxilotu zuten azkenean, armarekin mehatxu larriak egiteagatik eta herritarra iraintzeagatik, bai eta agintaritzako agenteen aurkako mehatxu eta atentatuengatik ere.
Atxilotuak zituen sintomak ikusita, baliteke alkohola kontsumitu izana, eta minutu batzuk lehenago ibilgailua gidatzen ari zela kontuan hartuta, Basauriko udaltzainek alkoholemia proba egin zioten eta baimendutako tasa baino askoz ere handiagoa zuen. Hori dela eta, atxilotuaren aurkako eginbideak hasi dituzte bide segurtasunaren aurkako delituagatik.