Gizartea -

Danborrada 2025

Zazpi danborrada berri, guztira 167, "historiako San Sebastian egun jendetsuenean"

Eneko Goia Donostiako alkateak eta Jon Insausti Donostiako Kultura zinegotziak helduen danborrada aurkeztu dute udaletxean. Guztira, 22.736 pertsonek parte hartuko dute helduen danborradan.

Aurtengo danborradaren aurkezpena udaletxean. Irudia: Donostiako Udala
Aurtengo danborradaren aurkezpena udaletxean. Irudia: Donostiako Udala
Inoiz ospatu den San Sebastian egunik jendetsuena izango da aurtengoa

0:44

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guztira 167 danborrada izango dira, horietatik zazpi sortu berriak, Raimundo Sarriegi konpositorearen doinuak interpretatuko dituztenak astelehenean, Donostian ospatuko den San Sebastian Egunean.

Eneko Goia Donostiako alkateak eta Jon Insausti Donostiako Kultura zinegotziak aurtengo helduen danborrada aurkeztu dute gaur udaletxean. Zazpi danborrada berri izango dira, guztira 167, eta 22.736 lagunek desfilatuko dute, "historiako San Sebastian egun jendetsuenean".

Aurten gizonezkoek osatutako bi danborrada bakarrik egongo dira (Tamborrada Club Cantabrico eta Aizepe Danborrada), eta emakumezkoek bakarrik osatutako danborrada bakarra (Emakumeen Etxea Elkartea). Izan ere, Amigos del Europa, Amigos del Antonio Bar eta Gizartea danborradak mistoak izatera pasa dira. Horrela, hiriko danborraden % 98,2 mistoak dira. Guztira, 12.096 gizon (% 53,21) eta 10.640 emakume (% 46,79) aterako dira helduen danborradetan.

Aurtengo berrikuntzei dagokienez, Goiak eta Insaustik adierazi dute zazpi danborrada berri gehitu direla, horietako hiru Antigua auzokoak (Fortuna K.E, Easo Abesbatza eta Antigua - Luberri Danborrada), bi Alde Zaharrean (Itzalpe Danborrada eta Ur Kirolak), bat Amara-Riberasen (AMPA Mary Ward Donostia), eta bestea Altzan (Harri Berri - Oleta Danborrada).

Beste berritasun bat Gaztelubideko Danbor Nagusiaren aldaketa izango da, Konstituzio plazan hiriko banderaren igoeran, Gonzalo Aldanondok Jose Ramon Mendizabalen lekua hartuko baitu osasun arrazoiengatik. Gainera, auzo guztietan errepikatuko dira banderaren igoerak eta jaitsierak.

Urteurrenak

Bestalde, aurten zazpi danborradak urteurren borobilak beteko dituzte. Benta Berriko Lagunak, Dnostiarra Txirrindulari Kluba, Gaztedi, Maria Reina parrokia - Egiak Tolosarrak, Tamborrada Club Cantabrico eta Zubi Musu danborradak dira, 25 urte betetzen dituztenak; Gros Kondarrak danborradak, berriz, 75 urte.

Aurtengo ediziotik aurrera, hiriko Alkatetzak gorbata bana oparituko die urteurren "borobila" ospatzen duten danborrada guztiei, 'Donostiako danborrada' lelo, hiriaren armarria, danborradaren izena eta sorreraren datarekin.

Gainera, urtarrilaren 20an 00:00etan Konstituzio plazan Gaztelubideren eskutik altxatuko den bandera, Union Artesanaren eskutik mastan jaitsi arte mantenduko dena, bere 75. urteurrena ospatzen duen Club Vasco de Campingi emango zaio.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Danborrada Donostia Gipuzkoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Jaiak