Gizartea -
VALENTZIA
Hildako bat eta zauritu bat Benetusserren, goialdeko depresioak astindutako garaje bat garbitzen ari zirela
Urri amaierako uholdeek eragindako kalteak garbitzen ari zirela hildako bigarren langilea da gaurkoa. Azaroaren 24an, 51 urteko gizonezko bat hil zen Massanassako Luis Vives ikastetxean, atariko sabaiaren zati bat gainera erorita.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Pertsona bat hil da eta beste bat zauritu Benetusserren (Valentzia), eraikin bateko garajea garbitzen ari zirela eskailera gainera erorita, Guardia Zibilak jakitera eman duenez. Urriaren 29an izan zen goi geruzetako depresio isolatuak kaltetuta utzi zuen garaje bat garbitzen ari zirela gertatu da ezbeharra. Hildakoa Exo enpresako langilea zen, Valentziako Diputazioak uholdeen ondorioz lokatza eta hondakinak dituzten garajeak garbitzeko kontratatuko enpresa batekoa, hain zuzen ere.
13:52an jakinarazi diote Valentziako Suhiltzaileen Partzuergoari Benetusserko Gurutze Gorriaren kaleko eraikin bateko garajeetara doan eskailera erori dela, eta hainbat talde, aginte-unitate eta Larrialdietarako eta Hondamendietarako Erreskate Unitatea bertaratu dira.
Larrialdietako Informazio eta Koordinazio Zentroak jakinarazi duenez, zerbitzu medikoek langile bat hilda aurkitu dute, eta beste bat zaurituta, toraxean kolpea hartuta. Zauritua Valentziako La Fe ospitalera eraman dute.
SAMUko unitate bat geratu da lekuan bertan, badaezpada ere, baina eraikina segurua dela adierazi dute agintariek. Hala baieztatu dute teknikariek, azterketa egin ondoren.
224 pertsona hil ziren urriko uholdeetan, eta muturreko fenomeno horrek eragindako kalteak konpontzen edo garbitzen ari zirela hil den bigarren langilea da gaurkoa. Azaroaren 24an, 51 urteko gizon bat hil zen Massanassako Lluis Vives ikastetxean izandako istripuan. Lan horietarako kontratatutako langile bat zen hura ere.