Gizartea -

Eguraldia

Araba eta Nafarroa abisupean egongo dira elurragatik astelehen honetan

00:00etan sartuko dira indarrean bi abisuak, eta asteleheneko 10:00etan bukatuko dira. Litekeena da elur-maila 800-1.000 metrora jaistea.

Elurra, Aratz mendian. Foto: Amado Lopez de Ipiña
Elurra, Aratz mendian
Elurra, Aratz mendian. Foto: Amado Lopez de Ipiña

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak abisu horia ezarriko du elurragatik, urteko lehena, Araban, gauerdian. AEMETek ere alertapean ezarri du Nafarroa.

00:00etan sartuko dira indarrean bi abisuak, eta asteleheneko 10:00etan bukatuko dira. Litekeena da elur-maila 800-1.000 metrora jaistea.

Goizaldean, euri txikia egin lezake, baita egunaren lehenengo orduetan ere, baina asko jota bi zentimetro elur pilatuko dira 1.000 metrotik gorako altueran.

Asteko iragarpena

Azkenaldian izan ditugun neguko egun eguzkitsu eta hotzen ondotik, giro nahasia dator gurera. Bihar, astelehena, Garoe depresioak euria ekarriko du egunaren lehen partean. Eragin askorik izango ez badu ere, goizaldean fronte bat sartuko da Euskal Herrira, nahiko ahulduta, eta tantaren bat edo beste botako du kostaldean zein barnealdean, 10:00ak arte gutxi gorabehera. Araban, gainera, abisu horia ezarri dute, elur-maila 800-1.000 metrora jaitsiko baita. Nafarroan ere egin lezake elurra, baina ez dute oraingoz abisurik iragarri.

Arratsalderako, oskarbi geratuko dira zeruak kostaldean; barrualdean, berriz, estalita egongo dira, baina euria egiteko arriskurik gabe.

Asteartean, hego-haizeak aroa epelduko du. Barnealdeko herrietan, euri apur bat egin lezake arratsalde partean. Egun epela espero da ordurako kostaldean, 15-16 graduko maximoekin, eta 9-11 graduan geratuko dira barrualdean.

Asteazkenean, aurreko eguneko joera errepikatuko da. Tenperatura, gainera, are beroagoa izango da, 18 graduraino igoko baita kostan, eta 14 graduraino barrualdean.

Eguraldiak aldaketa dakar ostegunean. Euria barra-barra botako du, eta termometroek behera egingo dute, ipar-mendebaldeko haizearen eraginez.

Badirudi ostiralean berriro hego-haizea izango dugula gure artean, eta asteazkeneko maximoak errepikatu dira. 

Tartean egun asko izanda, datorren asteburuko iragarpena oso zehatza ez bada ere, itxuraz ezegonkorra, euritsua eta hotza izango dira larunbata eta igandea, bereziki asteko azken eguna. Larunbatean, termometroak nekez iritsiko dira 12 gradura kostan eta 9ra barnealdean, eta, esan bezala, are freskoagoa izango da igandea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Alerta meteorologikoak argazkiak EAE gaur Eguraldia Gizartea Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak