Gizartea -

Errejon kasua

Epailearen jarrera, Mouliaaren deklarazioan: "Ez da ulertzen aurrera jarraitzea eta ezer ez esatea"

Urtarrilaren 16an epaitegian egindako deklarazioan, Adolfo Carretero magistratuak sarritan jarri zuen zalantzan Iñigo Errejon diputatu ohia sexu-erasoagatik salatu zuen aktorearen bertsioa.

Elisa Mouliaa epaitegian deklaratzen. Argazkia: EFE.
Elisa Mouliaa epaitegian deklaratzen. Argazkia: EFE.
Elisa Mouliaa epaitegian deklaratzen. Argazkia: EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joan zen ostegunean, urtarrilaren 16an, izan ziren epaitegian Iñigo Errejon Sumar alderdiaren diputatu eta bozeramaile ohia eta Elisa Mouliaa sexu-erasoagatik haren aurka salaketa jarri zuen aktorea. Astelehen honetan deklarazioaren bideo bat filtratu da hedabideetara eta Adolfo Carretero epaileak aktoreari egindako galderek haserrea eragin dute.

Carretero magistratuak sarritan jarri zuen zalantzan Mouliaak 2021eko irailean gertatu zenari buruz emandako bertsioa, mota honetako iruzkinekin: "musu bat ez ezik, ukituak ere egin zizkizun. Ez da ulertzekoa gizon horrekin jarraitzea eta ezer ez esatea".

Horrez gainera, deklarazioan zehar egin zizkion galderek ere salatzaileak esandakoa zalantzan jarri zuten. Besteak beste, honelakoei erantzun zien salatzaileak: "Publikoarekin ohituta zaude, ez al zinen gai izan esateko baldintzak ez zirela onargarriak?" edota "esan al zenion gelditzeko?"

Elisa Mouliaak "ohi baino askoz mozkorrago" zegoela gau hartan adierazi zuen deklarazioa eman zuenean eta epaileak salaketan datu hori ez ematea aurpegiratu zion: "Salaketan ez zenuen hori zehaztu. Seguru oso mozkortuta zeundela?"

Halaber, epaileak modu zorrotzean galdetu zion salaketa jartzeko behar izan zuen denboragatik (gertaerak izan eta hiru urtera salatu zuen). Aktoreak "beldurragatik" izan zela erantzun zion, "alaba bat dudalako". Une horretan, epaileak beste galdera batekin jarraitu zuen: "Ez al zen izan zuk zerbait nahi zenuela eta, ezezkoa eman zizunez, salaketa jarri duzula? Barre egin zizulako?"

Ana Redondo Berdintasun ministroak Carretero epaileak Elisa Mouliaarekin izandako jarrera gaitzetsi du X sare sozialean. Galdeketa mota horrek "emakumeak berriz biktimizatzen" dituela eta "salaketatik eta babesetik urruntzen" dituela baieztatu du.

Osteguneko saioan, Sumarren diputatu ohiak ukatu egin zuen salaketa horrengatik dimisioa eman izana; indar politikoan jarraitzeak zekarren "inkoherentzia" ikusita egin zuela azaldu zuen. Mouliaak, ostera, esan zuen diputatu ohiak "hotz" jokatu zuela eta salaketa jartzeko denbora behar izan zuela. "Nik hanka egin nuelako gelditu zen", argitu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak umeak Gizartea Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Sexu erasoak