Gizartea -
KASU ERREALETAN PREST EGOTEKO
Bilboko Aireportuak hegazkin baten istripua simulatu du
Kasu erreal baten aurrean hartu beharreko neurriak eta horiek hartzeko behar duten denbora kontrolatzeko balio izan du.
Erredakzioa
Bilboko Aireportuak hegazkin batek lurreratzean izandako istripu bat simulatu du. Horretarako, Boeing 737 hegazkin bat, 40 bidaiari eta tripulazioko 6 kide erabili dituzte. Hegazkina pistatik atera dela eta horrek atzean utzitako erregaiak su hartu duela simulatu dute. Istripu simulatu horretan, 8 pertsona hil dira, 2 pertsona egoera kritikoan geratu dira, eta 4 pertsona larri eta 32 pertsona arin zauritu dira.
“Istripu” horren berri izan dutenean, aireportuko kontrol dorretik pistako suhiltzaileei deitu diete, horren inguruko informazio guztia emateko; lekua, hegazkinaren datuak, etab. Aireportuak horrela prozesu osoa jarri du martxan. SOS Deiak ere ohartarazi dute, 112 zenbakiaren bidez.
Simulatutako istripua izan den tokira heldutakoan, suhiltzaileek ahalik eta lasterren itzali dute sua, eta hegazkinaren puntu kritikoenak ziurtatu dituzte. Sua kontrolpean hartu ondoren, hegazkin barrura sartu dira, bertan geratu diren pertsonak ateratzeko eta sua itzaltzeko.
Lehen minutuetan, osasun zerbitzuak bertan zeuden zaurituez arduratu dira. Lehenengo eta behin, sailkatu egin dituzte, koloreak jarrita: gorria (berehalako atentzioa behar dutenak), horia (garrantzi ertaineko atentzioa behar dutenak) eta berdea (garrantzi gutxiagoko atentzioa behar dutenak).