Gizartea -

Gipuzkoa

Hezkuntza Sailak 140.000 euroko isuna jarri dio Zarauzko Ikastolari matrikulazio-mugak ez betetzeagatik

Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolak azaldu duenez, 2023an bertan matrikulatu nahi zuten zortzi familiari ezezkoa eman zien Hezkuntza Sailak, baina ikastetxeak guztiei "ateak irekitzea" erabaki zuen. Isuna ordaindu beharko dute ikasle horiek eskolan jarraitzearen truke.

Isunaren kontra egindako elkarretaratzea. Argazkia: EITB MEDIA
Isunaren kontra egindako elkarretaratzea. Argazkia: EITB MEDIA
Hezkuntza Sailak 140.000 euroko isuna jarri dio Zarauzko ikastolari matrikulazio-irizpideak ez betetzeagatik

2:26

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolari 140.000 euroko isuna ezarri dio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Haur Hezkuntzako lehen mailan baimendutakoa baino zortzi ikasle gehiago matrikulatzeagatik. 2023-2024ko ikasturtean, Sailak 50 plazako muga ezarri zuen, bi gelatan banatuta, eskola-segregazioa murriztea helburu duen hezkuntza-lege berriaren arabera. Hala ere, ikastolak zortzi ikasle gehiago onartzea erabaki zuen, administrazioak ezezkoa eman zuen arren.

Ikastolak zortzi familia horiek onartzeko eskatu zion Sailari, aurreko urteetan matrikulazioak ohi baino baxuagoak izan zirela argudiatuta, Olatz Zubimendi ikastolaren zuzendariak azaldu duenez. Hala ere, Hezkuntza Sailak atzera bota zuen eskaera, ratioak aurreko ikasturteko zifren arabera zehazten direla argudiatuta.

Ezezko hori gorabehera, Gipuzkoako ikastola horretako hezkuntza-komunitateak kostu ekonomiko gehigarria bere gain hartzea eta zortzi ikasleak matrikulatzea erabaki zuen, lehentasunezkotzat jo baitzuen familia bakar bat ere kanpoan ez uztea. Orain, Sailarekin negoziatu ondoren, zortzi ikasleek ikastetxean jarraitzea baimendu da, baina itundutako plazarik gabe.

Protestak eta ratioak berrikusteko eskaera

Zigorrak ezinegona sortu du Salbatore Mitxelena Ikastolako hezkuntza-komunitatean, ezarritako isuna gehiegizkoa dela uste baitu, eta ratioak ezartzeko modua berrikusteko eskatu dute.

Zigorra salatzeko eta ikastolari babesa emateko, irakasleek, familiek eta ikasleek elkarretaratzea egin dute arratsaldean ikastetxeko jolastokian. Gainera, Ikastolen Elkarteak datorren ostiralean ikastola guztietan antzeko elkarretaratzeak egiteko deia egin du.

Zehapenaz galdetuta, Hezkuntza Sailak erantzun du, edozein kasutan ere, araudia betetzen ez dela antzematen bada, "administrazioak jarduten duela eta dagozkion neurriak hartzen dituela".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hezkuntza legea Gipuzkoa Zarautz Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza